2010-02-18

Mantso-mantso


Erauntsiaren ondotik beti atertu ohi du, eta ezinbertzean, ortziaren betiko kolorea gure begietara itzultzen da. Nafarroako Erkidego berri honetan bizi garen euskaldunok ere, urtetan gure etorkizuna eraikitzeko argitasuna faltan izan dugu, eta ilunpe desitxuratzaile batean itsumustuan ibili gara orain artean. Gauzak baina, aldatuz doaz, eta nonbait, gure nortasuna sustraietatik heltzeari ekin diogula ematen du.

Munduan gertatzen ari direnak ikusirik, gure naziotasun sentimendua berrituz eta gaurkotuz goaz, eta zorionez herri kontzientzia parametro berrietan berreskuratzen ari gara, iraganeko zamak eta akatsak bazter utziz.

Izena duenak badu izana. Bai. Aitzitik, izanak ez du beti izenik behar. Gauzei izen eman nahiak sortzen ditu anitzetan gaizki-ulertuak, desadostasunak. Antzina, sentitzen zen hari ematen zitzaion garrantzia, ote, ni hala nago. Gaur, sentitzen dugun horri nola deitu eta non kokatu dugu buruhauste. Batetik bertzera ibili ditugu gure izatearen erakutsi nahiak, nire idurikoz bertzeek zer pentsa ardura nagusi izanik, eta ez egiazki, guk hazi nahi genuen herriaren oihua adituz.

Nortasuna, egiteak ematen du. Zer eginen den errateak eta itxuratzeak ez ditu bidelagun nortasunaren eraikitzeak. Egunerokoak, urteek, ibili izanak, ezagutu eta bizitu izanak sortzen dute delako zerbait. Ontzen diren neurrian zentzu handiagoa hartzen dute egintzek.

Eguberrietako arbolarekin gertatzen den bezala, izate bat erakutsi nahiak gehiegi itsutzen gaitu beharrezko elementu batzuen paratzean. Alegia, Eguberrietako arbolak, arbola tipikoa izateko haren zintzilikarioak izan behar, galtzerdi eta guzti. Herri honen erakusteko (anitzek, saltzeko) pieza estrategiko batzuen aipamena eta presentzia baloratzen da lehen mailako ekintza gisa. Ez da, akaso, biderik egokiena. Zergatik ez hostorik gabeko Eguberrietako arbola, edo adarrak kolorez pintatuak dituena? Aniztasunak aberastasunari gonbita egiten dio. Horra hor kontua.

Zer garen erakusteko gogoak bideak ixten ahal ditu maiz aski, izan ere, batere erakusteko asmorik izan gabe frankotan ematen baitugu erakustaldirik politena. Asmoa anitz da, baina hura bide zuzenetik eramateak emanen digu lana ongi egin izanaren harrotasuna. Bizi duenak badu zer erran, guk hari zer ikasi. Irakasgairik ederrena hamabortz minutuko solasaldi on batek eman dezake, hala izaki, baina ikasi nahi duenak entzun eta are gehiago, aditzen jakin behar du. Nola eraiki ( ala berreraiki, ala sortu, ezin zehaztu zer dagokigun gure gizaldiari…) herri kontzientzia, gaur kontzientzia nagusia norberarena baldin bada? Ezin talde lanik egin taldeko kideek ez badiote elkarri begiratzen. Aitzinat, zer ikasi badugula konturatzen garenean egiten ahal da.

Gizakia noraino ailegatu den ikusita, ez da harritzekoa hainbertze jendek duen bihotz-mina. Norbanakoaren berekoitasunetik ihes egiten saiatuz gero akaso egoera bertzelakoa zatekeen.

Herri honen izaera zeinuak zein diren (edo zein nahi ditugun) zedarriztatzea baino baliotsuago deritzot herria bera zerk egiten duen ezagutzen hastea. Herriaren bihotzera jo, ikusi, bizi, haren odolean sartu eta ibili, eta ondotik etorriko da seguru sentitzen dugunaren berri, nahiz izenik izan ez.

Idien kaprestua kenduko balu anitzek, bidea errazago ageriko litzaioke. Agian. Eta bertzeei bide hartatik ibiltzeko aukera emanen lioke. Aurreiritziez ari gara, segur aski.

Aurreiritzi hauek Nafarroaren berezko indar historiko-kulturala urtez urte xahutzen dute, gure herri nortasunari lagundu beharrean hura desitxuratuz. Zergatik ez barrenak dioenari so egin? Sentitzen duguna lo utzi dugu, airean den korronteak gure nahiak gidatuko ote dituen esperoan. Gure barrenak kanpoan isla aurkituko duenaren esperantzaz. Zerk ez digu uzten gure herria nola sentitzen dugun erraten?
Herrian bertan eta herrimina. Baliteke kanpoan izan eta sentimendu hori zilegizkoa izatea, alabaina, sortu zaren etxean izaki, eta zirrara horrek eskutik hartzen beti…

Oihanean ez da isiltasunik, gorra dagoenarentzat ez bertzerik.

Bizia bazter denetan eta guk ez ikusten. Askatasuna norberarengan jaiotzen da, eta hori sinistu beharra dugu bizitzaren iragaiteko. Ideien menpe bizitzea zama handia da, handiegia. Gauza ororen gaineko iritzia izan behar dugu? Ideiek gure nortasuna eraikitzen lagunduko digute, baina gu haiengandik aske sentitzen garen neurrian. Ezin bizi ideiekiko maizter. Iritzi eta ideiek gurean goxo-goxo ohatze hartzen utziz gero, kanpoarekiko, errealitatearekiko atea ixten ari gara. Baliteke noizbait ideia horiek bakuna izatea, txertoa, zer etorriko haren defentsan. Baliteke. Baina bakuna hori, artean ere, herdoiltzen ahal da, eta akaso hobeki moldatuko ginateke txertorik batere hartu gabe bizitzak dakarrena ahalik eta naturalen eta askeen biziko bagenu.

Garesti ateratzen zaigu ausarten ahotik hitzak entzutea. Hitza, altxorra. Ez da zilegi giza jardueretan garrantzia biziko den altxor hori hain merke erabiltzen dela ikustea. Hitza hutsik erabiltzen denean, hitsa. Sakontasunik gabea, zentzurik gabea, kolorerik gabea… maiz aski, errealitatea estaltzeko erabiltzen dena. Ez da bidezkoa. Zein baliagarri zaion jende anitzi altxor hau, zein mesedegarri. Hitzak baina, zentzua hartzen du biziz beterik heldu denean, eta hori ala denentz igartzea lan zaila da batzuetan.

Hitza erabiltzeko dohaina duenak, agian hori du bakarrik, hitza erabiltzeko gaitasuna, baina ez ordea, sentitzekoa. Ausartak.

Asmo dirudien hori abian jar dezagun. Bihurgune den tokian ez dezagun zuzen hartu. Hitzaren dohaina duten horiengandik deus espero beharrean, dagoeneko bai baitakigu mundua zer kolorekoa den, errepara diezaiogun mendeetan gure belarrietara sakonetik xuxurlaka ari den hotsari. Nahiari.

Lurrean hostoak bueltaka etengabe. Hara, hego haizea agudo hemen da. Ez da ez, zenbaitentzat, bisita gogokoa. Etxean, badirudi hego haizeak alde egitea erabaki duela. Orain, haize horrek ez du ilea dantzan hain erraz jarriko. Korapiloak askatzen saiatu nahi dugula atzematen da. Hala omen…

2004ko martxoa