Herenegun gauean Euskal Telebistako bigarren kateko programa ezagun batek lehiaketa txiki bat iragarri zuen; saria, Berako hotel batean bi lagunek gaua pasatzeko txartela. Harrigarria bada ere, herriaren izena honela eman zuten: «Vera de Bidasoa».
Aspaldi da Bera izena nagusitu zela, berezkoa baitu, eta ez espainolek emandako beste hori. Ez da ofiziala izan, halere, orain bi hilabete arte. Vera de Bidasoa kanpotik emandako izendapena da, antza, espainiar estatuan dauden beste Vera batzuekin ez nahasteko (Vera de Moncayo, Zaragozan, Vera, Almerian...) gureari de Bidasoa gehitu eta v hizkia eman zioten, inolaz ere bereak ez zituenak.
Ez da jatorrizkoa eta mendeetakoa errespetatu, eta kostata, Berako euskara batzordeak eta Udalak aurten lortu dute izendapen ofizialtzat Bera aitortzea, ez gehiago ez gutxiago. Saio ugari egin du herriak jatorrizko izena berreskuratzeko, eta, azkenik, beharrezko frogak eta agiriak aurkeztu ondotik, Nafarroako Auzitegi Nagusiak epaia eman du Bera onartuz.
Euskal Telebista deritzonak ez ote luke gehiago zaindu edo babestu beharko euskal izendegia (eta toponimia)? Ardura falta galanta deritzot herenegun nahi gabe hartu nuen datu horri. Aitzitik, Euskal delakoa zerbaitek justifikatu behar luke, nahiz eta gauden garaietan batek daki zer etorkizun duen euskal hitza duen edozerk.
Ez da lehenbiziko aldia euskal izenetan honelako hanka-sartzeak ikusi ditudala, eta, komunikabide horrek egun duen jabe berriarekin, zer ez ote dugu ikusiko. Honezkero Bera izendapena ofiziala den aldetik, eta gainerako kontuetan nafar Gobernuak zorrotz betetzen eta betearazten baitu «ofizial» den erabaki oro, har dadila hau ere lege mailan.
Komunikabide hori euskal telebista publiko den neurrian, nolabaiteko ardura du hizkuntzaren erabilerarekin, eta hartatik eratortzen diren gaiekin. Edo hala behar luke. Aski ardura dute espainiar kateek hemengo izenak, deiturak, izendapenak eraldatzeko, manipulatzeko eta euren unibertsoan txertatzeko, eta hala, zertan ari gara gu ere haien bidetik?
Laster telebista baten eta bestearen artean ezberdintasunik ez da izanen, gauza bera izanen dira; bera... berbera... gutxi gorabehera.
2009ko iraila
2009ko iraila