“Anne Etchegoyenek Frantzia hunkitu du euskaraz kantatuz” dio aste honetako
berri batek. Baxenabartarra omen kantaria, ama baztandarra du, antza, eta bere
azken diskoarekin Frantziara eraman ditu Txoria
txori eta Lau teilatu kantak, besteak beste.
Lerroburuak berak lehen begi-kolpean zer pentsa handia ematen duela ezin
uka. Lehenbiziko; Frantzia hunkitu? Eta
zehazki; euskaraz kantatuz Frantzia hunkitu? Uf.
Neska honena Frantzian gehien saldu den diskoetako bat dela irakurri dugu, eta
irrati handienen zerrendetan entzungai omen dela azken hilabeteotan. Euskal
kantei esker arrakastatsu ari da
nafarra, bere karrera musikalaren gorena lortu du, komunikabideen aburuz.
Eszenografia eder, marketin bikain eta hornikuntza zoragarri bati esker,
bideoklip xarmanta sortu du bere Hegoak kantuarekin, eta sarean zabaldu,
jendeak gozamen handiz hartu duelarik.
Hala ere, kantu hau eta beste batzuk Frantzian entzungai izatea euskararen
garaipena baino, bitxikerien arrakasta eta beste zerbait gehiago dela esanen
nuke nik. Izan ere, hain justu, mendeetan errotik kendu, erauzi, suntsitu,
ezabatu eta gaitzetsi nahi izan diguna, neska eder eta dotore baten kantu
finagatik aitortu behar al digu orain Errepublikak? Itzalera kondenatu duen
kultura eta herri baten kantua lehen bezain gorroto du orain ere, ez dezagun
inozenteki uler maniobra. Azkar ahazten zaizkigu bidegabekeriak, eta
kontzesiboegi gara edozein keinurekin (fede onekoak balira bezala!).
Ez balitz gure herria gaur egungo egoeran, zenbat goren mailako artista ez
genituzkeen izanen Euskal Herrian? Baina benetako izar, egiazko aitortzaz, han
eta hemen kantatuko luketenak, beste edozein estatuko kantari gisa hartuko
lituzketenak, eta ez erregionalismo, etnizismo eta kuriositate kategorian.
Arrazoi asko izan daiteke Txoria
txori bezalako kanta bat arrakastatsu gertatzeko Frantzian; merkatuak gustuko izanen duen hori
sortzeko eskua izateaz gain (ez bainuke esanen ohiko moldeaz emana denik,
gabardina berriarekin saldu baita), nagusiki gailentzen den faktorea izan
daiteke, nire ustez, kantak, euskal kantuari dagokion sena, sentimena eta zentzurik gabe
zabaltzea. Bestela, zergatik ez da orain artean gertatu? Ez ote
da euskal kantaririk aritu munduan barna, baita Frantzian ere?
Eta fenomenoaren hari guztiak josita uzteko, Txoria txori kanta izaki Frantzia ukitu eta “hunkitu” duena, ezin
dut erreprimitu kantuaren metaforaren deiadarra hona biltzea. Laboaren kanta
hau, honezkero euskaldunon himno bihurtua, askatasun unibertsalaz ari da,
alegia, herrien libertateaz, hizkuntzen eskubideaz, kulturen bizilegeaz:
“Hegoak ebaki banizkio, neria izango zen, ez zuen alde egingo…
Bainan honela, ez zen gehiago txoria izanago, eta nik... txoria nuen maite”.
Eta, beraz, hegoak ederki ebaki dizkigutenez, Frantzia “hunkitzearen” kontua, paradoxikoa gutxienez, bada, ur handiagotan sartu gabe.
Anne Etchegoyen: http://www.dailymotion.com/video/x1787g1_aizkoa-abesbatza-eta-anne-etchegoyen-hegoak-txoriak-txori_music
“Hegoak ebaki banizkio, neria izango zen, ez zuen alde egingo…
Bainan honela, ez zen gehiago txoria izanago, eta nik... txoria nuen maite”.
Eta, beraz, hegoak ederki ebaki dizkigutenez, Frantzia “hunkitzearen” kontua, paradoxikoa gutxienez, bada, ur handiagotan sartu gabe.
Anne Etchegoyen: http://www.dailymotion.com/video/x1787g1_aizkoa-abesbatza-eta-anne-etchegoyen-hegoak-txoriak-txori_music