Toki batzuk historikoki edo politikoki esanguratsu zaizkigu; beste batzuek atseden-txoko hobezina eskaintzen dute urrezko orrazi gisa.
Europako mapa eder bat esku artean hartu eta begiak itxita hatza bere zoriaz erori den tokira joatea erabakia balitz bezala, horra hor Estonia. Europako iparraldeko herria. Adinez nagusia da aurten, duela hemezortzi urte arte Errusia amaordeak izan baitu bere zangopean.
Toki laua da zinez, mendirik ez baita amestuta ere; lekurik garaienak 318 metro baino ez du. Ura franko, basoak ere gogotik, liztorrak eta altzeak nonahi.
Tallin du hiriburua, eta, ohi gisaz, bertan dago Estoniaren muina zentzu askotan. Unibertsitate hiria ere badu, Tartu, nahiz eta oso herri indargabea antzeman daitekeen kanpotik begiratuta.
Azkenaldian egindako bidaien artean interes berezia sorrarazi digu Estoniak.
Antza denez, telefono mugikorren eta Interneten erabileran aurrea hartu die Europako gainerako herrialdeei aspaldi. Tallinek berak autobusa, trolebusa eta tranbia ditu, besteak beste, hirian ibiltzeko garraiobideak. Inork ez du, semaforoa gorri dela, kalea hartzen. Zaila da lapurreta baten berri izatea iparraldeko lur haietan. Eta, salbuespenak salbuespen, denda batean sartzean Estonia oso ongi ezagutzen duen saltzailea aterako da mostradore atzetik aberriaren gailentasunak goxoki azaltzeko.
Baina herria oraindik ere abian hasi berria da. Tallin egungo hiri bat gehiago da eta hala, erabat modernoa da, baina gainerako lurraldea hitsa da.
Errusiaren eta Alemaniaren (batik bat) zangoen arrastoa han da bizi-bizi. Egurra eman diote mendeak joan eta mendeak etorri, baina Estoniak 1991n (XX. mende hasierako independentzia saiakerak ahaztu gabe) herri aske izatea lortu zuen.
Gauza on asko du Estoniak. Lehena, herritarren borondatea. Batetik, estoniera tresna nagusi hartuta egin ahal izan dute aurrera bakarkako bidean. Bestetik, ondarea maite dute. Tallinek Alde Zahar ederra du, Erdi Aroko hiria da; Bigarren Mundu Gerran, nonbait, ez zen sobera gaztigatua izan.
Arreta berezia eman diote etxeak zutik iraunaraziz, galtzada-harrizko kale guztiak egoki zainduz, eliza eta eraikin publikoak babestuz, eta honela, Gizateriaren Ondare izendatu zuten orain hamar bat urte.
Gurera segundo batez itzulita, bai antzekotasuna!
Iruñea zaharrean galtzada-harriak ez dira maite, Beasaingo Udalari saldu zizkion hiria bere gisa maneiatzen duen alkate andreak.
Galtzada-harriak ez dira nahi, argirik ez zaio eman nahi, zakarrontzirik ez dago, kale izenak eta gainerako kartelak gaztelaniaz idatzita daude bakarrik, obra bat edo beste egiteko hiriko bihotzean aurkitutako aztarnak «desagertu» egin dira... segitzea merezi al du?
Europako edozein herrik hau basakeriatzat luke eta gurean berriz arazorik ez.
Bigarren Mundu Gerrak hemen egin ez zuena egiten ari dira egun zirri-zarra hiria gobernatzen dutenak. Sarraski hauekin zaila izanen dugu bada Gizateriaren Ondare titulua eskuratzea, eta ez da merezimendu faltagatik izanen, ene!
Antzekotasuna agerian da, irakurle: Estonian mota guztietako ondarea altxortzat daukate. Hemen, aldiz, Ali Babaren altxorra nahiago.
2008ko iraila