2010-02-18

Herri musika-tresnak


Nafarroako herri txiki batean, behinola, neska-mutilak etxeko larrainean arratsalde pasa aritzen ziren. Karrika-dantzak eta jotak dantzatzeko musikarik ez eta txandak egiten zituzten aldiro haur batek kantatzeko. Haurretako bat, kantu-txanda luzeegia tokatu zitzaiola ikusirik, jotaren doinuari letra ematen hasi zitzaion, aspertzen eta nekatzen ari zela denei jakinaraziz.

Musika berezkoa zaio gizakiari. Edozein gizatalderen antzinako jatorrian dago, eta nekez uler genezake gizakiaren bizitza bera musikarik gabe. Herri orok badu bere musika eta bere kantua. Maiz esan izan da hizkuntza unibertsal bakarra dela, baina, aitzitik, kultura bakoitzak bere musika propioa du. Nola uler daiteke, beraz, kontraesan hau?

Soinu-tresna guztiek oinarri unibertsala dute, baina honek ez du esan nahi jatorri bera dutenik. Herri batek musika unibertsalari bere kolorea emanez bere musika egiten du. Txistua bezalako flautak hamaika tokitan aurki daitezke, baina gurean bizi denak ezaugarri propioak ditu, izaera ezberdindua, azken batean, nortasuna. Tresnek ezaugarri jakinak dituzte tokian toki eta honela, bertakoak tresna eta doinu horiekin identifikatzen dira. Trikitixa, adibidetako, kanpotik ekarria da, baina, esan al daiteke euskalduna ez denik? Ez dugu uste. Geureganatu baitugu, geurekotu.

Gure kulturak musikarekin oso harreman estu eta sakona izan du mendeetan. Voltairek, ez kasualitatez gainera, euskal herria Pirinioetan kanta eta dantza egiten duen herria dela esan zuen aspaldi. Euskal musikaren tradizioak aitzindari sustraituak ditu eta erregistro aberastasun handia, hainbat kulturak bere nahi lukeena ezaguna balitz. Hau hala izaki, herri bat definitzeko alderdirik aberatsenetakoa musika da, herri-musika, hain justu, gizatalde baten berezko ezaugarriak ongi deskribatzen dituelako.

Euskal Herriaz mintzo garenean, txistua, alboka, trikitixa edota txalaparta datozkigu gogora, baina ospe handi horren atzean hain ezagunak ez diren hamaika tresna badugu gure musika-kulturan: txanbela, sunpriƱua, ttun-ttuna, tobera, musukitarra, txirula, joareak... Hauek denek eta gehiagok gure kultur ondarea osatzen dute, eta berezko hatsa eman diote herri honi. Hori ezagutzea interesgarri bezain erakargarria da nola nahi ere.

Azken belaunaldietan, eta prozesu luzearen ondotik, globalizazioa bete-betean ari da lanean, herri-musikari, besteak beste, fabore guti eginez. Fenomeno orokor honek ez ditu bakarrik ingelesaren nagusigoa, cocacolaren ospea eta Santa Clausen tradizioa ekarri, esparru askotan eragiten ari da gure egunerokoan.

Gaur egun ohikoagoa da Australiako didgeridooa edo Senegalgo kora ezagutzea gure herriko tresna-saila baino. Ondoko herrialdeetako kodeak gure egin ditugu (ez bakarrik ezagutu), eta bertakoak ezezagun izateko bidean dira. Elementu exotikoak ezagutzea erakargarri bihurtu zaigu —ikastaroak, kontzertuak, ikerketak...— eta hori sustatzen da beste ororen gainetik. Exotikotasun horrek bertakoa zaharkitutzat hartzera eraman gaitu eta pausoz pauso, tokiko kultura gutxiagotze-abialdian hasia da.

Garai bateko zentzua galdu du nonbait, baina bizia den aldetik, garatu eta aitzina egiten duen neurrian, kulturaren esanahia batzuetan aldatzen da. Berdintze eta lausotze bide honetan ondare hau bazter utzi baino, hari balioa ematea litzateke gure aukerarik aberatsena. Ezagutu, babestu, zainduz gero, dagokion aitortza orokorra letorkioke (baliogabetzea ez da bakarrik besteren eskutik heldu) eta ez genuke museotan bakarrik ikusiko. Gonbidapena duzu. Prest?

Mundu honetan murgiltzeko aukerak badira gurean, iradokizun ederra helarazte arren, zoaz Oiartzunen den Herri Musikaren Txokora, bertan bikain gonbidatuko zaituzte herri-musikan barna paseo polita ematen.

2008ko abendua