2010-02-18

Euskal kultura edo espainiar erkidego baten indizeak?


Deigarria, benetan, joan den atean komunikabideek ezagutzera eman zuten azterketa: euskal kulturaren gaineko inkesta. Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan 2006 eta 2007a bitartean eginiko inkesta omen da. Euskal kultura da gaia eta bai telebistan bai egunkarietan irakurri ahal izan dudanez, honako puntuak bildu ditu, besteak beste:

Zein da gehien gustatzen zaigun musika, zein da gure janari preziatuena, loteria erosten ote dugun, Olentzero ala Erregeak etortzen diren gure etxera, zein sukaldari famatu ezagutzen dugun eta Korrikaz aditzea badugun. Beno, beno, nondik heldu kulturaren inkesta hau?

Espainiako ohitura eta jarduera kulturalen inkestatik hartua da nonbait. Inkestaz gehiago jakin nahian autonomia-erkidegoka egina dela ikasi dut eta helburua, antza denez, ohitura eta kultura-jardueren gaineko adierazle nagusienen bilakaera ebaluatzea da. Beraz, gastronomia, musika, famadunen unibertsoa eta Eguberrietako ohiturak dira, irakurritakoaren arabera, herri honen kultura definitzen dutenak. Esperantzaz nago inkesta sakonagoa dela entzuteko, baina hasteko, abiapuntua bera ere ez da koherentea. Euskal Autonomia Erkidegoan egina da, herri honen mendebaldeko zatian, eta hala, euskal kulturaren gaineko inkesta deitzea ez da zilegi ez baita egiazko lagina bildu bertan; herriaren gehiengoa kontuan hartu gabe egin da galdeketa hori.

Baina beste behin lurraldeen banaketan egiten dugu indar; Bizkaian arraina nahiago, Gipuzkoan gazta eta Araban patata. Eta kitto. Bereizketa hau, euskararekin gertatzen den bezala, ez dut uste zehatz-mehatz heltzen zaionik probintzien muga (ez-natural) horiei. Herri batek bere osotasunean eman behar luke hitza, ez herriaren zatiak. Gainera, beti batzuen eta besteen ezberdintasunak ongi aski markatuz aritzen gara, espainolek aspaldi dela erakutsi ziguten bezala. Ez gara ohartun egiten dugunaz.

Eusko Jaurlaritzak inkesta (ulertu dudan gisaz) “goiko” aginduak betetze arren egin du, eta EAE Espainiako erkidego bat gehiago bezala ageri da azken emaitzan. Gauzak honela, bi dira ikusten ditudan funtsezko okerrak: bata, herriaren zatiketa, aipatu bezala, beste behin azpimarratzea; eta bigarrena, kulturatzat hartu eta hartzen dena.

Euskal kulturaz egiten diren galdetegi hauek (eta oro har haren gaineko hausnarketek) kulturaren gaineko ikusmolde hertsia (oso hertsia) erakusten dute. Elementu folklorikoak batzutan, azaleko kontuak bestetan, agertzen dituzte bakarrik, eta funtsezko irudia edo argazkia ez dute ematen jakin. Hasteko, non gauden, nor garen, eta zergatik garen garbi izan behar genuke. Askotan erreferentziak salatzen du ez dugula oso garbi zein herri hartzen dugun ardatz, nondik ari garen hizketan. Hori saihestezina da. Hasierako funtsezko datu hori ongi ez bada sustraitzen, hortik gorakoak ez du zutarririk, opariaren lazo gorriaz ariko gara, ez herri baten kulturaz.

Gure kultura ez da bakarrik dantza, kantua eta harriak jasotzea. Txuleta, pop musika eta sagardoa. Hori baino ere askoz zentzu zabalagoan ulertu behar dugu. Kulturak sinismenak hartzen ditu, ekonomia, politika, lan-moldeak, bizimoduak, ohiturak… Galdeketa hauek, eta aztergai dugunak bereziki, herri eta herrialde guztiak berdintzat hartzen dituzte, oinarrian, kultura bera (eta indize diferenteak) bagenitu bezala.

2008ko urtarrila