2010-02-18

Sarriguren; agur herri ttikiari


Nafarroako Sarriguren azken boladan ezaguna dugu anitzek babes ofizialeko etxebizitzak direla eta. Eta arrazoi bakarra du fama horrek, hiri ekologiko berria sortu baitute; hiri diot, eta ez herri, ikustekoa baita zenbaterainoko lurrak hartu dituen etxe multzo honek; eta ekologiko erran dut, deitura hori eman baitiote, nahiz eta neurtzekoa izanen den ekologikotik zer duen eraikin pila tzar honek. Baina ez da hori idazki honen gaia.

Orain guti herri atzenduari bisita egitera joan nintzaion. Ez nuen, ez, duela urte eskas ikusi nuenaren antzekorik kausitu. Lauzpabost etxe dira eliza eder baten inguruan, ateak eta leihoak itxi dizkiete, ez da isiltasuna bertzerik, ez jenderik, ez animaliarik, hutsa baino. Herrixka bera metalezko hesiz inguratua dago, zain, zer gertatuko zaion esperoan. Hari begira, mehatxari, gaurko eraikin hotz eta ilunak; haur gazte lotsagabe eta ezjakina amona xaharrari oihuka eta harrokeriatan ari balitzaio.

Non da herri honen duintasuna? Bere kale izkinetan gordea zuen historia, bizilagunen joan etorriak, ondoko herriekiko harremanak, lana, bestak, ospakizunak, ohiturak… Hiri berriaren mesedetan dena desegin da, eta ez da Nafarroan ikus daitekeen kasu bakarra, Barañaingo herri zaharrak adibidez, ederki aski salatzen du egintza bera. Askotan lengoaia ez baitute behar, lengoaiadun ez direnek, dugunoi zerbait erran ahal izateko. Eta hori da Sarriguren herri ttikiak xuxurlan erraten duena. Bere etorkizunaz deus guti da jakina oraino, eliza balio handikoa omen, ofizialki, baina zer arraio, baita bertze guztia ere. Tokia kendu zaio, handiak ttikia jan du, ondarea pikutara, zer balio dezake hainbertze urte duen baserri zahar kuadrila batek?

4.000 etxebizitza gehiago obrak hasi aitzin hamar bat lagun erroldan zituen toki berean. Orain herri honen izenak modernitatea iradokitzen du, berrikuntza, freskotasuna, azalera handiko toki eta aukera paregabeak… Eta akaso, hiria erabat martxan delarik, aita-amak euren haurrekin herri ttikia ikustera joan daitezke, antzinako harri multzo zaharkitua ikusi eta dutenaz (pareta berriak) harro sentitzera. Lastima!

Eta egia da, egungo arazo nagusietakoa hortzak ere hipotekatzera behartzen ez duen etxebizitza bat erostea dela; hortaz, seguru, hainbertze gaztek eginen dute topo hiri berri horretan. Guri ere egokitzea posible, batek daki! Alabaina, ez da inondik inora onargarri herri baten bizitza horrela zapuztea. Etxe polit eta moderno horien ondoko egiazko etxeak hiltzera kondenatu dituzte gure Iruñea honetako gaurko agintariek. Zer eginen duten ez daukat garbi, baina orain arte egindakoa han dago, eta egia erran ez dut konfiantza gehiegirik behar duen tratamendua emanen diotenik herri polit honi.

Eta beharrik hondarrean hainbat kaleren izenak aldatu dituzten, ulergaitz baita edozeinendako Avenida España bezalako kale-izen batek toki izatea. Herriari berezko xarma eta izaera ebatsi bazaio, zer litzateke horrelako izendegi batekin hornitutako hiri etorkina?

2006ko martxoa