2010-02-18

Ilbeltzak


Elur malutak noraezean. Zerua zuri-zuri dago. Zuritasun honek argia ematen dio ilbeltzeko goiz hotz eta isilari. Etxean goxo, bero. Kalean hiru ume jostetan, irriz, lasterka, pozez. Elurrak berezi egiten du egun soil eta hutsala. Urrutitik etorritako elur malutek gure artean bukatzen dute bidaia; hara... batzuek gure etxeko leihoan. Etorri dira eta joan dira, desagertu. Guk ere hala eginen dugu, dagokigunean. Nonbait sortu ziren, eta zerutik lurrerako ibilbide horretan ezinbertzekoa dute bukaera. Bizitzak lege hori du.

Malutak eta pertsonak. Bidaiak. Hasi eta buka, denek ere. Bidaiak askotan goizegi bukatzen dira. Eta arrazoiak arrazoi, logikaren zientziak azalpena eman badiezaieke ere, ez hala bihotzak. Ilusio asko itzaltzen dira bat-batean. Huts handia sortzen. Eta animo eta desio onen intentzioa estimatuz ere, zaila zaigu, ikaragarri, pertsona baten bizi-bidaia bukatu dela onartzea. Bere bizitza baita, baina baita geurearen zatia ere.

Agur erran behar izan diozu arrebari, eta badakizu lan handia duzula orain bideari ekiteko, baina zu funtsa zara zure hurbilekoentzat eta horrek indarra ematen dizu ahuldadearen eta nahigabearen zulo ilunean ez erortzeko. Hitz asko hartu dute zure belarriek egun hauetan, asko ez dira izanen, seguruena, zure ezintasuna osatzen lagunduko dutenak. Eta inor gutxik daki zer darabilzun barruan, zer burutazio eta sentipen oheratzen diren zurekin batera. Nork jakin zer gomenda dakiokeen bizitzaren legeak hain ikasgai zailak eman dizkionari? Zure buruak daki hobekien zer behar duzun, eta adi hari. Negarra datorkizula? Egin negar. Garrasia lepoan ezin eutsiz zabiltzala? Egin oihu. Ez dituzula oroitzapenak zure gogotik aldendu nahi? Ez egin. Hurbileko jendeak maita baino ez dezake.

(Pablori) 2010ko urtarrila