Goiz joan zara, Jorge, zure adiskide Pablo eta Jose Mari maisuekin biltzeko. Zure bisitak espero nituen oraindik ere gurean. Gustura egiten zenuen Iruñean barna ibilaldia, eta tarteka ni agurtzera pasatzen zinen. Estimatzen nuen biziki zure detaile hura. Gehienetan deus berezirik kontatzeko ez, eta liburu bat edo beste erosteko aitzakiarekin, momentu labur eta politak pasatu genituen.
Behin elkarrizketa bat egin nahi nizula erran nizun, eta zuk, kontatzekorik ez zenuela, nire ideia hura ahalik eta urrutien uxatu nahi izan zenuen. Ez zen egia. Zu, beste hainbat lagunekin batera, Nafarroako ikastolen sorreran lan handia egina zara, Iruñean hasi eta gero Nafarroa osoan arituz. Eta zure lehen hazi hark eman du fruitu ederra gero!
Gerra aurreko ikastolak ahaztu gabe (Iruñea 1932, Lizarra 1932, Elizondo 1935), ikastolen mugimendua Iruñean berpiztu zen 1963an. 70eko hamarkadan, baina, izan zuen egiazko aurrera egitea, eta orduan sortu ziren San Fermin edota Paz de Ziganda Ikastolak izanen zirenak. Ahalegin hura gauzatu zutenen artean zu zinen, Jorge.
Lan handi hura eginagatik ere, beti iruditu izan zaizu ez zela hain gogoangarria, bazela jende asko tartean, gaur egun dela lanik gehien eman duen garaia.... eta abar, eta abar. Gaur lanean ari dira ikastola horiek, bai, baina hastapeneko harria zuek jarri zenuten eta hori hala izaki, nafar orok eskerrik asko ozen bat bota lezake zure (zuen) omenez.
2008an Jimeno Jurio Saria jaso zenuen Juan Zelaiarekin batera. Aitortza publiko hura aski merezia zenuten biek ere. Orduan jakin nuen erretzen zenuela, eta nola gainera! Eta orduan ezagutu nuen erdaraz mintzatzen zinenean ez zinela euskaraz bezain goxo aritzen. Euskaraz justu xamar moldatzen zinen, baina tematia zinen hagitz, beti eginahaletan, eta ahots eztia eta kolore biguna ematen zenion hizkuntzari. Erdaraz berriz, mingotsago sentitu zintudan, mihi bizia, hitz jario jorratua eta umore garratza.
Omenezko ekitaldi hartan Otsagabiako dantzariak izan ziren Artaxoan, sorpresa eman nahian zugatik joanak. Teilatu beltz eta harri biribil kaledun herriak sentituko du zure galera. Beti kontatzen zenidan umetan nola jostatzen zineten, zenbat oroitzapen ekarri zenituen Iruñera haur denbora kuttun hartatik. Ama euskaraz gogoratzen zenuen, herria bera ere euskaraz mintzo zen. Eta Otsagabia maite zenuen bezainbeste maite zenuen zuk euskara.
Ez ditut behin ere ahaztuko zure bisitaldi horien agurrak. Bi musu ematen genizkion elkarri, zureganako errespetuak ongi aski eskatzen zituen bezain egiazkoak, eta beti, eta huts gabe erraten zenidan: “Bueno maitia, zaindu. Agur”. Maitia hura gustatzen zitzaidan, irribarrez esaten baitzenuen. Baitakit arrazoi handirik izan gabe ere, aitonak bilobari bezala, amaierako hitz labur horiek gozagarriak zirela biontzat. Deuskeriak iduriz, baina gogoan gordeko dut.
Eta azken hitzño horiekin despeditu ninduzun hondarreko aldian ere. Urte berri honek noiz ekarriko zintuen esperoan nintzen, baina etorri ordez, joan zara. Niri dagokit, bada, gaurko azken esaldia: “Zaindu, maisu, zauden tokian zaudela. Ez agur, sarri arte baino”. “Eta... eskerrik asko”.
2010eko urtarrila