2012-10-18

Ezer ez da betiko... ala?

DENBORA neurtzen duen erlojua, eta ez orduak ematen dituena, omen du Joxek inoiz ezagutu dudan antzinako gauzakien biltegirik magikoenean. "Bada, ba, honelakorik ere?" nire baitan, harriduraz. Artetako artistaren teoria hura hark bezain ederki agertuko ez dudala aitor eginez, uste dut ulertu dudala bere esanahia, behingoan.

Denboraren kontzeptua sarri izan dut aztergai. Are gehiago azken boladan denen egunerokoan pausoa azkartu dela sumatzean; dena da erlojuaren kontrako sentsazioa. Tenorea bera ere aztoratzen dugula iruditzen zait azaleratzen zaigun nahitaezko presaren mamuarekin. Zeren presaz bizi gara?

Pausatzeak dakartzan onurak ezezagun ditugula, gurpil zoro batek eraldatu du gure lasaitasuna, programazioa eta antolakuntza dira nagusi bere zentzurik biluzenean. Denbora neurtu du gizakiak, atakak jarri dizkio, eta orain, neurri horrek bere pean hartu gaitu.

Maiz hiriko zurrunbilotik (edo hobeki esan, gaurko bizimodutik) hanka egiteko beharra agertzen dugu, isiltasunaren erreinuren batera, galdutako sasoia berreskuratzeko eta bidenabar, denboraren iragaitea beste modu batez gozatzeko. Baina, kontua da, burrunba hori, funtsean, gure baitan dugula, nire ustez, eta batzutan, ez dago eskapo egiterik noranahi mugituta ere.

Aurtengo udan ulertu dut zer den denboraren mirakulua. Han. Ponpeian. Zorionekoa ni. Gauzaina izanen nintzateke bertan, harrizko karriketan barna argizaria eskutan. Ametsak han begiz eta parez pare ikusten dira. Sentitzen dira. Joanaren eta etorriaren artean ez da etenik. Zorigaiztoko sumendi baten erruz, iragana etorkizunarekin ausartu da. Orainak desafio egin dio denborari arau eta legeak erabat irauliz. Hirixkan sartutakoan, berehala antzematen du edonork hura ez dela edozein toki; hura da tokia. Betierekoa.

Antzinako Erromako hiria hilezkor da. Loraldiaren eredu izan zena, oraindik ere hats hartzen oldozten ahal da, ahaleginik egin gabe. Horma-irudi, mosaiko, etxe, denda, labe, zutabe eta atari... han dira bizitzari iruzur txiki bat egin diotela… zer ez ote da izan Ponpeia Gizateriaren historian? Gau bihurtu zen eguna, aspaldi dela. Gau faltsua, ordea. Eta orain eskura dugu, irakasgai magnoa, inoiz pentsa daitekeen modurik zirraragarrienean.

Ponpeian minutuak pasa dira, baina denbora ez da pasa. Nihil durare potest tempore perpetuo dio Katulo izeneko poeta latindarraren erranak; ezer ez da betiko, alegia. Baina Ponpeian... ez da hala.

Gogoeta hau bukatzerako, eta bat-batean ordenagailuaren presentziaz jabetu naizela (oroitzapenak barrenak nahasita), jarria nago ez ote dudan Joxeren museotik pasa beharko ene erloju klasikoa kalibratzera… Erlojurik gabe bizitzen (berr)ikastea hobeki genuke, egia, baina, hura egin ezean, izan dadila nire eskumuturrekoa ere denboraren tresna miragarria (zer demontre!) eta ez minutu-jale zorrotza.

2012ko iraila