2012-10-18

Little House on the Prairie

Salto eta salto aritzen dira dantzan! Ikusgarria da! Denak jauzika gelditu gabe, ikaragarria..., eta dena euskaraz kantatzen dute, aizu! La Casa de la Praderako musika dirudi hauenak!". Halaxe zioen emakume katalan batek telefonoaren bestaldean zegoen (iduriz) alabari, aurpegian eta ahotsean ezinago zuelarik emozioa eta harridura erakutsi.

Ezinegon pixka bat sortu zidan emakume haren komentarioak, baina... irribarrea eragin zidan. Malerrekako ostatu batean atseden hartzen ari zen adineko bikotea zen aho bete hortz zegoena, ederki jarrita itzalaren mesedeaz, abuztuko arratsalde bero eta lasai batean bezperan bizitutakoak gogoratuz, denbora-pasan. Ez dakit XIX. mendeko giro erromantikoa sumatu zuten hemen barna (telesailean bezala), ala goxoa eta gustagarria egin zitzaien, besterik gabe, euskal bestaren ohitura ezagutzea.

Poztekoa da, edozein gisaz, zerbait ezberdina sentitu eta bizitu dutela jakitea, ezin azaldu dutelako zer ikusi duten, harriduraz eta emozioz agertu nahi izan dutelako Penintsulako iparraldeko bazter kritiko hauetan kolore propioa duen zerbait ezagutu dutela. Turismo-gidetatik haratago, euren kontu "deskubritu" dute topikoetatik urrun dirudien agerraldi bat. Beste erreferente batekin lotura egin balute, hagitzez ere nahiago nukeen, baina garbi da ezagunak zaizkigun parametroetan kokatzen ditugula gure mundu-ikuskerak.

Aitzitik, gure musika, gure dantzak, ohiturak, bizimoduak… hain dira oraindik ere etniko, oro har (edo folkloriko… adierarik arkaikoenean ulertua maizegi), ez baitakigu zeren antza duten, non kokatu, nola deskribatu... are gehiago kanpotarrek. Euskal kultura oraindik ere nolabaiteko linboan bizi da, batetik, tresnatzat erabiltzen duela leporatzen baitzaio euskaldunari, eta bestetik, eta arrazoietan luzatu gabe, normalizazio baten beharretan, gu ere ez baikara ados jartzen haren identifikazio eta defentsan; sena ere krisian dela esan ahal genezake?

Nolanahi den, ez dut uste emakume hark ikusitakoa asmo baztertzaileaz sentitu zuenik. Bai, seguruena, komunikabideen atzaparretatik ihesi den bizitasunaz. Hala nago ni. Eta hura gogoan, oharkabean, behinola Estrabonek duela bi milurteko euskaldunez idatzitakoak etorri zaizkit oroimenera: "Edateari utzi gabe, gizonak dantzan hasten dira, orain txirula eta tronpetaren soinuaz, orain saltoka banaka, zeinek emanen saltorik handiena eta belauniko eroriko dotoreen. Emakumeak gizonekin nahasturik dantzatzen dira, bikotearen parean jarrita tarteka elkarri eskuak emanez".

Denboraren saltoa salbatuz, eta batek daki nongo (oraingoan bai) zelai bukoliko eta ebokadore batetik, ilunabarreko dantzaldi alai batera jauzi eginez, antzekotasunak antzekotasun, oraindik ere harritzeko eta liluratzeko gaitasuna duenari, biba!

2012ko iraila