Arratsalde euritsu eta hotza. Laino pisua. Isiltasunaren pareko Belateko inguruan. Odolaga izenak sortzen duen artegatasunari ezin hobeki lotzen zaio eguraldi heze eta gordina. Lohia bidexketan, harriak busti, pagoak handiki, haizea ziztuz, abere baten hilotza betiko amaitu den hats horren arrasto…
Ultzamak eta Baztanek muga egiten duten horretan, Odolagako Benta dago. Zegoen. Urrutiko joareak, hurbileko ur-ttanttak, hotzaren sarkorra, hutsaren indarra eta, odolak zer kontu ote zuen bazter hartan? Baserri utzia eta bakartua da, paretak zutik ditu kostata eta Baztango armarria iraunean, behorrak gordetzea du funtzio bakar egun. Garaian, ordea, zer ez ote zen Odolaren Benta! Zer Odolagako larrea!
Irudimena ate joka, izena dantzan, erraza da gogoa denboran bidaiatzera bidaltzea. Espazioan bidaiatzea usuago egiten dugularik ere, denboraren salto horietan galtzea xarma da. Eta hor dago Odolaga. Inguruan ditu Zaldazain, Giltzurriñarri, Gazteluzarra, Bentaxar, Matrakola… lehena bera bezain eder ondokoak ere. Izanak eman die izena. Eta jakin-mina ase nahian uzten dute.
P. Esarte historialariak bildua du inguru hauen gaineko XVI. mendeko dokumentazioa. Haietan gehiegi arakatu gabe ere, izenak tragikotasun batera garamatza halabeharrez. Batailak, sarraskiak, zaurituak, kronika beltz eta ilunak… Urte eta mendeetan atzera, errepiderik ez zegoen hartan, igarobide ia nahitaezkoak izanen ziren Belateko mendatearen lepo eta magalak. Hala, bidelapurrak ibiliko zirela ez zaigu arrotz, edo, ausarki ez bazen ere, kontrabandoak zangorik ibiliko zuen paraje hauetan barna. Guardiekin edo bidezainekin ere makina bat istilu, seguru. Gauak gau, hemen ere.
Testigantza mutua, mintzarazten dugun arte. Han dago dena, isil eta dotore. Harro baino, umil. Zirraragarria zait gure toponimiaren handitasunaz ohartzea, beste behin. Irakasgai ezin hobea eskuragarri, artxibo historikoa bere horretan, herri baten ezinbesteko solasa.
Baina, oraino ere agintarien esku-sartzerik sufritu ez duen izen ugari dugun arren (aipatuak kasu), tamalez, gehiegi dira eraldatu dituztenak: erdarara nahita egindako itzulpenak euskarazkoari gailentzeko (kaleak adibidez, Erletokieta/Abejeras); jatorrizko izenak sainduen edo erlijio-gaien izenekin ordezkatzea (mendi eta gailurrak esaterako, Beriain/San Donato); eskribau erdaradunen lumatik egindako analogiazko interpretazioak (herri edo bailarak kasu, Deierri/Valle de Yerri); errotulazioen gaztelaniarako soiltzea eta izen aldaketak (Pamplonan dago Reyno de Navarra futbol-zelaia)… Edozein dela modua, hizkuntza bati dagokion errespetua zapuztua.
Horren adibide bat xelebrea zait biziki. Boccaccio handiaren senide bat dugu Iruñeko kale-izendegian. Nondik? Barkazio Gurutzea kalea, kale ezaguna, gaztelaniaz Cruz de Barcacio emana da, eta oso exotikoak garenez herri honetan, Barcacio hori italiartu eta … tatxaaan! Barccaccio! Beraz, Cruz del Perdón baten faltan, idazle edo humanista italiar baten egitea duen bitxikeria hagitzez ere nahiago, belarrira ongi ematen baitu.
Izen batzuk memoria (historikoa) diren bezala, beste batzuk zuzenean “desmemoria” dira, eta bildutako adibideek horren adierazle izan nahi dute. Gauzak horrela, toponimiaren aberastasunari muzin egiteko modu harroagorik ez da kale bati Cabárceno edo Europar Batasuna izenak jartzea baino. Eta honelakoak hamaika gurean. Euskararen presentziarekin odolak zainetan irakiten dio hainbati, baina bistan da gure soroak, errekak, bidexkak, iturriak, etxeak, mendiak… euskaraz mintzo direla. Ederki aski gainera. Odolagako inguruneak ez dizkigute, momentuz, odolustu.
2012ko apirila