2012-12-08

Debekatua kantatzea




Urte pare bat da “prohibido cantar” zioen kartela ikusi nuela Madrilgo taberna peto-peto batean. Argi eta handi ageri zen paretari ongi lotutako errotulua. Lagun batek ekarri dit gogora sorpresa hura, aste honetan idazkun bera ikusi baitu beste nonbait.

Kalean kantatzea, hasteko, hainbat udalerri espainiarrek galarazi izan du, baita gaizki kantatzea ere (badaiteke halako zentzugabekeriarik?). Gero eta zorrotzago eta hertsago mugatzen ari dira tokian tokiko bide publikoaren araudia, erabilera esparru hau erabat baldintzatuz. Baina taberna batean debeku kategoriko hau ikusteak zurbil utzi ninduen.

Beste arrazoi batzuengatik, halaber, ezagun da Iranen emakumeek ezin dutela jendaurrean kantatu, batik bat gizonen aitzinean. Ikasi dugu, bestetik, Georgian ez daitekeela, nonbait, errusieraz kantatu, isunaren mehatxupean gainera (elkarren arteko gerren ondorioz). Arrazoiak arrazoi, eta gure jakinkizuna argitu nahian, nondik kantatzeko debekua taberna batean?

Kuriositateak ziztaturik, eta han eta hemen bila aritu ondoren, ematen du oraino ere indarrean direla XX. mende hasierako udal-ordenantza ugari hiriburuan, eta honela, egurra moztea edo sua piztea kale eta plazetan debekatuak dira egun, edo oilo eta ukuilu-animaliak hirigunean heztea ere bai, berriki irakurri dudan prentsa-ohar baten arabera. Honelakoak hamaika. Baina pista handiena honakoak ematen digu; blasfematzea debekatuta zegoen, eta bereziki Aberriari, Erregimenari, erlijioari, morala eta kulturari laido edo irainik botatzea. Antza denez, biztanleei deia egiten zitzaien hitzaren zuzentasuna nagusi, modu onak zaintzeko, hiritartasunaren eredu izan zedin Erreinuko kapitala. Haren aztarna ote oraindik ere taberna hartako karteltxoa?

Izan ere, eguneko edozein ordutan oihu edo erritmorik gabeko kantuak (sic) zehazki debekatuak ziren, antza, eta karrika-bueltak egiteko autoritateei baimena eskatu beharra zitzaien. Ardoaren eraginez ostatuetan ausarki botatakoek agintarien isuna ekarriko beldurrez izanen ziren jabe gizagaixoak?

Erlikia gisa mantentzeak (hala baldin bada), izan dezake bere xarma, baina gaur den egun murrizketez edo eskubide urraketez josita gauden gainbehera honetan, estimatua litzateke hitza (edo kantua) ere kenduko ez balitzaie herritarrei. Aitortu behar dut gure bazterretan halakorik ikusi ez izanaz kontent naizela. Radiokasettea bera ere ezagutzen ez duen xiberotar ostatu ttikia datorkit gogora, halabeharrez; hartan kontrako legea baita indarrean; ez karteletan, bai jendearen asmoan, “egizu kanta”. Izan bedi urte luzez.

Arrazoiaren muinera jo dudan jakin gabe, garbi da kantatzea mintzatzea dela funtsean. Hitzaren eta kantuaren arteko muga, ez da muga egiaz. Mezua, bietan ere, doinu-ñabardura anitzez emana da eta, soinu batez ala bestez, atzo edo gaur, kalean edo tabernan… hitzak, jakina, min eman dezake.