2012-12-08

Ziztuak eta hizkuntzaren harribitxiak




Han ari zen mutila, hiruzpalau neskarekin hizketan saiatuz, gaueko parrandaren ausardian, ligatuko ote zuen esperantzaz. - ¿Quemáis?, bota zien halako batean sedukzio baliabideak abiatzeko zorian. Pentsa nesken harridura planta zenbaterainokoa izan zen.

Honelako egoerak hamaika ezagutu ditugu gurean, zenbait itzulpen, egitura edo hitz naturalki erabiltzen dira toki askotan, eta hiztunak gehienetan ez dira ohartun zer motatako esapideak ematen dituzten, edota espresuki zuzenak ez direla. Goierritar gajoa, esan dezagun, zigarroa eskaintzen ari zitzaien emakumeei, baina haiek ulertu ez.

Aski ohituta gaude, tamalez, euskararen erabilera okerrak aditzen eta sufritzen; erdarakadak batzuetan, ardura faltagatik sortu diren erabilera desegokiak bestetan, hizkuntzarekiko sen exkaxak dakarren zuzentasun gabezia ere maiz... Eta are gehiago, gaztelaniak edo frantsesak euskarari utzi (eta uzten) dioten arrasto erraldoia beti da agerikoagoa alderantziz baino, alegia, gure auzo-erdarek zenbat duten euskaratik jasoa, xurgatua, itsatsia.

Aipatu pasadizoko perlaz gain, badira egunerokoan entzuten diren euskal molde politak. Hemos ido Josu y los dos. Ez da bakan aditzen egitura bitxi hau, euskaraz “Jon eta biok joan gara” jatorrizko esamoldea izaki. Noski, erdaldunak nahas-nahasian ibiltzen dira zenbaketan, ustez hiru direla orotara. Zer esanik ez Jon, Josu y los tres bezalakoetan, bost lagun batzen baitu erdaldunak, egiazki hiru direnean.

¡En sitios está! esapidea ezaguna da bestela; norbait edo zerbait urruti dagoela adierazteko. Euskarazko “lekutan dago!” egituraren kalkoa dugu hor. Erdaldun peto batentzat arrotza da, oso, forma hori. Maiz erabiltzen da, halaber, falta den norbaitez: Era de venir, euskarazko “etortzekoa zen” arrastoaz. Erdaldunek ez dute hurbila forma hori.

Hauek denak aho euskaldunek eman dituzte, oro har, baina kasu ugari ezagutzen dugu euskaradun izan ez eta honelako egitura eta esaera bitxiak gorde dituztenak belaunaldi askoz (seguruena etxean euskaraz egiten zen garaietatik). Euskararen sustratoa oso argia da (nola ez ba!) eta hala, tokian tokiko informazio linguistiko handia jakiten ahal da.

Zentzu honetan, duela gutxi, amatxi iruindar batek kontatu zidan voy a zurinear al niño esaten zela haien etxean, umea sehaskan kulunkatu behar zutela adierazteko, alegia, “zuri-neri” eragiten zitzaiola ohetxoari umea lokarrarazteko. Etxe hartan euskara galdua zuten aspaldi, baina aztarna bizirik zen.

Beste behin, urteak direla, Bidasotarra autobusean bidaian gindoazela, gizon bat txoferrarekin solasean hasi zen harroxko eta ozen, eta kontu sinplea bezain gatzgabea kontatzen ari zitzaiola gidariari, bat-batean bota zion delako kotxe baten abiaduraz: ¡Iba a todo ziztu, oye!.

Ziztu bizian edo zigarroa errez, erdarakadak ez ezik, euskarakadak ere egiten dira egunero, eta belarria tente ibiliz gero, hizkuntzaren josta miragarriaz ederki goza daiteke.