"Ai, hau lana! A ze eguna
espero dudan biharkoarekin! Eta azkenaldian, 24an ez ezik, bezperetako
egunetan ere ematen hasiak zaizkit lanak euskaldun hauek!
Orain, gainera, konpetentzia zuzena dut zuri-gorrikote
horrekin; hori da fama mundiala izatea, hori. Propaganda kanpaina sendoa
gozatu du horrek aspaldidanik han eta hemen; badakizue, baliabide
gehiago haren etorrera prestatzeko. Eta badirudi elkarren artean
bezeroak banatu behar ditugula, bion egitekoa gauza bera bailitzan!
Nire lanaren esanahia errotik aldatu da denboraren joanarekin.
Gure aitonak ikusiko balu... Herrira-jaustea orain beste zerbait da.
Hasieran zaila izan zitzaidan eskema-aldaketa hura onartzea, ezin laketu
nintzen; hura nostalgia… Honelakorik biziko nuenik pentsaezin, baina
garai berriekin biziko banaiz, aldaketak datozen bezala hartu eta
digeritu beharko ditut. Nonbait, patuak ida- tzia omen zuen bere
deseinuetan.
Hala ere, gogoz nintzen, aspaldi, eskutitz batean nire
barne-marmarrak hustutzeko. Ez dakit zer demoniogatik famatu nauten
zikin, lodi eta mozkor. Ikatzarekin lanean aritzeak (esan beharra ere!)
zikintzea dakar, aizue, ez naiz bulego batean ari; lantokian, beraz,
ezin mezetan bezain elegante egon. Gainera, neguko lan gaitzetan
aritzeko, mendian eta eguraldi zinez desatseginaz, ongi jan behar da
(txartzen bagara, kasu!). Eta otoi, noizean behin trago bat pattar
dastatzea, bekatua ote? Jakizue, gainera, honezkero bizarra ere egin
dudala noizbait, eta antiojoen beharretan ere banaizela, beraz...
Azken hamarkada izan da zailen niretzat. Hara non hasi nintzen
nire kopia xixtrinak etxeetako balkoi eta leihoetan zintzilik ikusten,
duingabe. Eraikin bakoitzaren aurrealdean zintzilikario kategorian,
zeinek (atzerriko artista horrek edo nik) panpina gehiago
lortuko bere zenbaketetan. Honezkero ez diet begiratu ere egiten.
Aspertu naiz horrekin umore grisak hartzeaz. Aspertu, baita ere, nire
presentziak ekarri dituen udal-isunez; besteren zale direnen desio eta
borondate txarrez; nire jatorrizko ofizioaren lausotze eta
materialtasunaren gailentasunaz...
Edozein moduz, gauza politek iraunarazi dute nire egitekoa,
eta beharrik! Ordu gutti barru jende aunitz izanen dut esperoan. Urduri
nago. Taupadazko nerbioak. Intimitatearen hegalik kuttunenak askatzera
doaz nire aitzinean. Niri. Nirekin. Aitortu behar dut momentu gozoa dela
ilunabarreko tenore hori. Ardurak bakar sentiarazten nau inoiz baino
babestuago nagoen une horretan. Garaiak aldatu dira, baina badira sekula
aldatzen ez diren gauzak, eta badira, urte hondarrean, honezkero
nahitaezkoak egin zaizkidan begirada urtsuak, irri-egiak, losintxak,
xuxurla lotsatiak, sentimen ukigarriak... eta hori edatera natorkizue,
beste behin, ikazkin egoskor baina leiala naizen hori. Izan ere,
uholdeak uholde, galerak galera, jarria nago ingurune eta inguruabar
berrietara. Entendimenduz jantzia bainaiz. Edo hala diote".