Akabukoa du gaur liburuaren eta
diskoaren hitzorduak Durangon. 47 urte joan dira gaurgero lehen saio
hartatik, eta ekimena bizi-bizi iraunarazi du Gerediaga Elkarteak.
Hastapenean ez zuen izanen, ez, askoren ustea (euskaldun ez ziren
horiena, alegia); baina urteak joan ahala, haiendako nahi luketen sasoia
erakutsi du biltzar handi honek. Mira egitekoa da gaur den egun dugun
"eguraldi" nahasiarekin (lehorte ekonomikoa, eraso linguistikoen
ekaitza, eskubide subiranoen izoztea eta halabeharrezko bizikideen
etengabeko euri-jasak, besteak beste) oraino ere indar betea agertzea
euskaldunon elkarretaratze honek.
Jakin baitakigu liburuak eta diskoak erostetik haratago dela
Durango. Edozein idazle, editore eta irakurleren agendan ongi seinalatua
den aroa da. Konpromisoa hartua du gure komunitateak, eta fideltasuna
eta ardura agerikoak dira. Hori bakarrik dela pentsatzerik? Azoka
biziko bada, irakurzaletasuna ere beharrezkoa izanen du, militantziatik
haratago gogoa eta bihotza hitzez elikatzea nahitaezkoa dugu guk ere.
Baina herri honetako ekimenak, esan gabe doa, normalean halakoak izaten
dira, bigarren inplikazio baten kargarekin, edo intentzioarekin.
Nahitaezkoa zait, bidenabar, delako e-book- aren agerpenari
aipua egitea. Beldurrak ikusten hasiak ginen hura merkaturatu zenean,
baina ez du lainotu, iduriz, liburu fisikoaren existentzia. Batak bestea
ordezkatu duenik ezin esan, nire ustez, izan ere, funtsean arazoa baita
oso gutxi irakurtzen dela herri honetan; betiko eta ohiko liburua ez da
molde teknologikoaren sorrerarengatik baztertu, irakurtzen ez dugulako
baizik.
Bestela, liburuak gauza askotarako balio izan duela, denok
dakigu. Txikitan ikasi nuen gauzaki honen funtzio-aniztasuna. Gogoan dut
haur nintzela, liburuak liluratzen zaituen garai magiko eta ametsezko
horretan, izeba bati entzuna halako batean; etxea altzariz jantzi behar
zuela-eta, liburuendako elegantea aski zen apalategi bat jartzeko asmoa
zuela, egongela asko itxuratuko zuelako, bisitak etortzen zirenerako
eite ederra agertuko zuelako. Sekula ez dut liburu bat eskutan duela
ikusi. Baina ez dakizue zer eder duen etxeko gela nagusi hori, oi, oi!
Liburuen tapakiek ongi ematen baitiote sofaren tapizaren koloreari.
Ez dakit honelakorik gaur baden ere, gero eta liburu-saltzaile
gutxiago joaten dira atez ate (batik bat haiek ekartzen zituzten
bildumatzar horiek, ez?); jakintza guztia (ez pentsa, baina hala uste
dugunez…) sarean dago eskuragarri paper-saila erosi beharrean; liburuen
plazera galbidean ote den (orrien hazka, usaina, hotsa…); etab.
Konpetentzia handia du liburuak, ezin saihestu. Baina haren aldeko
hautua oraino ere egiterik dugu, bidaidearen metafora politena baita
bere horretan.