2013-10-02

Ikasturte hasiera edo ohiturak

Bete dira ikasgelak, ikastetxeak, eskolak. Bueltatu dira irriak, saltoak, urduritasunezko garrasi karrankariak. Zikloaren hasiera berriz protokolo guztiaz. Emozioak tokiz aldatu dira, eta seguruena intentsitatez ere bai. Eta hala, lausotu dira eguerdiko plaza-giro alaiak, goizeko parke betealdiak, kale-buelta eta bizikleta tournée goiztiarrak, bai eta gaueko ordu txikietako solas-algara eta jostetak ere. Ailegatu da amaiera, eta hasiera. Bi muturrek topo. 

Hustu dira toki batzuk eta bete besteak. Game over egin du familia askok udan umeekin egin behar duen tetrisak. Kexu, kostata, itzuli dira eurenera, itzuli gara gurera. Hasieran zaila izaten da, udako oporraldien bueltan nostalgiaz itzultzen gara betikora, baina betiko “dena delako” hori, behar dugu. Ikasleek ere bai. Ohitura-izaki omen gara, aspaldi esan ziguten. Eta udako planen, norabide berrien edota esperientzia bizigarrien laudatzea egiteko joera badugu ere, adinak gorabehera, ohitura-izaki gara. 

Cortázarrek iradokitzen zigun, hainbeste zuloz inguratuta gauden honetan, ohiturak, bizitzari hertsiki lotzen gaituzten espazio horiek direla. Zentzu horretan, ze beharrezkoak diren espazio arruntak, xumeak, hutsal diruditenak; sukaldeko mahaia, egongelako sofa, amaren etxeko usaia, gustuko katilua... Gehitzen ahal dizkiogu, era berean, (eta ideiaren sakontasuna soilduz) ikasgelako giroa, txirrinaren emozioa edo jolastokiko eskailera berezi haiek, ikaslearen rola aipagai hartuz. Eguneroko espazio txiki horiek norberaren parte dira, eratzen gaituzte. Baina, eta horri kontrajarriz, bizitza ere, bere horretan, ez dela nahikoa pentsa dezakegu; gauzak urtzen dira, ohiturak berak lausotzen ditu, formalista errusiarrek zioten moduan, “pertzeptzio-automatismoa hausteko modu bat da artea”, gauzei zentzua emateko, berriz izendatzeko eta behatzeko, maitasuna berriz maitasun izan dadin, eta zerua, toki infinitu hori. 

Izan ere, eta ñabardurak ñabardura, “ohiturari bakarrik atxikitzeak, idazteko paper marratua beharrezkoa duten pertsona horietako bat bihurtuko gintuzke” Cortázarren arabera; nolabaiteko itsumena da. Ez al da arrunta ohitura-gurpilean sartzen garelarik, askotan hartatik ateratzeko beharra sentitzea? Eta aldi berean, ohituratik urruntzen garenean, haren beharra sumatzea berriz? Batak bestea dakarrela ote. Bata izateko, bestea ere behar dela. Ohitura eta artea (beste dimentsio baten ulertua). 

 Ikasturte hasiera hemen da. Ez dugu nahi, baina nahi dugu. Marmarrean hasten gara, lehen egunak urduritasun motibo dira, baina gero erritmo egonkor eta ezagun batek lasaitzen gaitu, errutinak gure tokian jartzen gaitu. Errutinak bere martxa hartzen duelarik, ordea, artearen beharra izanen dugu ikasleen “espazio” horiek ametsez janzteko. Baita gureak ere.