Gaur San Juan bezpera. Suak
hartuko du arratsa. Su horrek emanen digu hatsa. Han eta hemen gau honek
adituko du amalurraren solasa. Lur baita dena ere, denboraren
barne-lotura atenporal bezain metaforikoa gogotu zait zoriaren zoriz.
Zori onez.
Erromako Foroan nago. K.a. 13. urtera egin dut salto, kurios
egarri. Bestalen lorategian nago, peristiloan. Emakume gutxi (eta
hautatu) hauek urmaelen inguruan ari dira. Beren eginkizuna Erromako su
sakratua zaintzea da, hiria biziko bada. Haien esku dira Erromaren
bihotz taupadak. Su ttiki baina berebiziko honek 2013. urtera ekarri nau
bat-batean, ekainak 23 dituen honetara; Urdiainen nago, hala,
Nafarroan. Baseliza baten ai-tzinean emakume talde ttiki bat ari da,
elkarri eskuak emanik, borobilean, su handia bazter batean dutela.
Kantuan hasi dira besoak zerurantz eta lurrerantz dantzatuz, ortzimuga
estutuz. Ezin azaldu bidaiaren partitura.
Gizateriaren erreferenterik handienetakoa da Erromako Foro
inperiala, garaian han hartutako erabaki sailek erabat baldintzatu dute
gure oraina, alde eta kontra, nahi bada. Hartara, munduko edozein
kultura edo herrialdetako eskola edo hezkuntza-sisteman derrigor
irakasten da, erraz kokatzen da zibilizazio haren garrantzia historian.
Horren aldean, batere unibertsala ez den eta inongo eskoletan aipatzen
ez den Urdiaingo usadioa dago. Ondarearen bidezidorretan ezberdin
biziraun duen herri baten izaera-arrastoa.
Historiaren nahita edo nahigabeko bidegabekeria horren
ordainean, aitortza xumea berebizikoa zait. 2000 urteko tarte handi
horretan uste baino lotura minagoa dago bi mundu horien artean, bi
emakume-bilkura horien artean, eta suaren berpizte zeremonia horrek
lorioski ezkontzen ditu, non eta erlijioak ordura arte irauli gabeko
esparru batean.
Satrustegik berak aitortua, kristau begiek ulertzen ez duten
sinbologia aberatsa gordetzen du nafar ohitura honek; lurraren eta
naturaren zikloekin erabat lotua dirudien erritua da; emakumeak hartzen
du parte bakarrik; jantziaren berezitasuna, koreografiaren
sarbide-erritua, kantuaren erraia, egunaren esanahia, herritarren
sentimena eta sinismena, emankizunaren zintzotasuna… denak du hizkuntza
zahar baten aztarna, ikusgai baina ukigaitz den altxorra.
Bestalek su ttikia zuten, baina historian handi dira. Urdiaingo emakumeek sua handi dute, baina historian ttiki etorri dira.
Erromako Foroan, iluntze aitzineko eguzki-gar goxo eta
kulunkariaz, Bestalen memoria ebokadoreari erabat belauniko nago eta
Urdiaingo San Juan bezperako Kantaita mires dut, hartaz oroit naiz une
honetan. Emazteki nafarrak Erromako Foroan. Mendeak nahasiz, balioak
berdinduz, justizia partituz. Zoru bera ez baitugu denek ere, baina bai
zeru bera.