Orain urte batzuk ikusi genuen Panpi Ladutxe frontoian, mikrofonoa eskutan,
“zer litzateke/Euskal Herria/pilotarik gabe?” kantatuz. Kanta horren hitza maiz
etortzen zait gogora, beste hainbat jardueraren harira, eta oraingoan,
bereziki, dantzarekin. Zer litzateke Euskal Herria dantzarik gabe?
Izan, izan liteke, noski baietz, Euskal Herri bat dantzarik gabe, baina,
harekin ibilbide luzea izan du herri honek, eta oso kontuan hartzekoa,
zalantzarik gabe. Garaian garaikoa eman du dantzak, funtzio ezberdinak izan ditu,
balio anitza. Kultura edo ospakizun izatetik, eginkizun identitario eta
militantziazkoa izatera (hirietan nagusiki), kapitulu asko iragan da. Honela,
gerora, adiera artistiko batera hurbiltzen hasi dira joerak, oro har. Azken hamarkadetan
dantza taldeen baitan gauzak nola aldatu diren (edo nahi diren) ikusirik, lan
egiteko beste modu bat sortu dela esan liteke; lan molde berriak martxan dira, ikuspegi
berriak, testuinguruak: hariak. Baina ez da kontu arina.
Euskal dantzen folklorizazioaren arriskua, kontzeptua bera eztabaidagarri
den arren, duela zenbait urte hasi zen ikusten Nafarroa Behereko Garaztarrak
Taldea. Joera hori lengoaia bereziarekin gaitzesteko asmoz, Kontrapas ikuskizuna mamitu dute. Dantza
herrikoia eta garaikidea, antzerkia, musika eta poesia uztartu nahi izan dira
proiektu honetan, hari nagusi bati zentzua ekarriz. Ikusgarriak nortasuna du
oinarri; euskararen egoera zalantzagarriaz eta baita haren transmisioaren
balioaz ere pentsarazi nahi dute ikuslea. Gaur, iluntzean, Barañaingo
Auditorioan taularatuko da Kontrapas.
Ibarrako Alurr Dantza Taldeak ere, zentzu bertsuan, memoria historikoa
berreskuratzearen garrantziaz arduratuta, dantza eta musika baliatu nahi izan
ditu zerbait kontatzeko. Izanak dirau,
1512 sorkuntza atondu dute iraganik gabekoak etorkizunik ez duela
erakusteko, alegia, herri honen historiaren giltzarrietako bat beste mintzaira
batekin transmititzeko. Azaroaren 17an, hala, Barañainen izanen dira
gipuzkoarrak.
Zikloa ixteko, Iruñeko Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak abenduaren 15ean Librea Ninçana ikuskizuna eskainiko du. Herri
hau askea izan denekoa sentiaraziko da bertan, iradokia, sentimena, metafora. Ohiko
euskal zigiluko elementuak azaletik zailki identifikatuko direlarik,
zentzumenetatik abiatutako irakurketa proposatzen zaio publikoari. Baina
sakonean, gurea, gureaz.
Ortzadarrek berak antolatu du ikuskizun-sail hau aurtengo Folklore
Jardunaldien harira. Eta bi planoak bildu nahi izan ditu aurtengoan; taldeen
lan eta lengoaia berriak sustatu nahi ditu batetik, baina tradizioaren babesa eta
ezagutza suspertu ere bai, bestetik. “Nafarroako Dantza Tradizionalaren Atlasa”
proiektua abian jarri berri baitu, alegia, Unescoren Materiagabeko Ondarearen Zaintzaren
Konbentzioak X urte bete duenean, hain justu. Berri gehiago izateko, www.ortzadar.org. Dantza, tradiziozkoa zein
berria, euskaldunak bereak baititu.