Zuhurren hitzak,
garai berriei ere egoki zaizkienak. Erranak daude aspaldi, zortez askotxo
jasoak ere bai, eta irakaspen on izan daitezke etorkizuna iraganari entzungor
zaion honetan. Ikuskerak transmititzeaz haratago (gureaz gain beste inguruko
auzoetarik zernahi bildu dela ahaztu gabe, noski), ikaskera ere bada, eta
hamaika zentzutan, ahozko herri-tradizioak eman duena.
Transmisioaren
garrantziaz mintzo izan da, besteak beste, Erramun Martikorena, izatez ere
bildua baitu disko batean zutabe honetara ekarritako bertso-saila. Tradiziotik
edatea inportantea zaio aski, eta ez bakarrik irakaspenak ezagutzeko edo
egungoa bizitzen ikasteko, kultura bera arnasteko ere; baloreak, arauak, lotsak
eta harrotasunak jabetzeko.
“Kantu, kanta,
khantore” bildumak eman dit gaurkoa osatzeko arrazoia. Hartan erraten da
hitzaurrean euskaldunei ez baldin bazauku
irakurtzea hanbat laket, kantuz hartzea dugu bederen biziki maite. Euskaldun
gazteei sar eta finka dakioten bihotzean
herriaren eta eskuararen amodioa, 1967ko argitalpena hala. Honezkero
eginkizun hori galdua ote duen kantuak…
Edozein gisaz,
inoiz irakurriak gara gure arbasoen zuhurtzia, ez dadin izan ahantzia,
eta honela, gaurko gomuta bertso bihurtutako esaera zahar sail honi, orrazturik
aurkeztuak.
Itsasoak, bistan da, ez du ez adarrik, ez-eta
gaztanberak erdiko hezurrik. Nehoiz ez da ikhusi su-gabeko kherik, baina ez
daite juja deus itxuretarik. Izan ere, asko kanpoan bildots, eta
otso barnean, zoin den eder itzala, iduzki denean, ziminoa gorago igaiten
arbolan, ipurdia hobeki ageri orduan, eta horrekin konturatzen ez, gu. Laguna lagunari bethi iduria, nolako aita
eta, halako semea, (e)uriaren ondotik heldu atheria... Aita biltzaile batek,
haur xahutzailea: aseak baikara halakoak sumatzen azken garaietan. Hala-beharra bethi denen na(g)usi dago, norat
doan haizea, harat aiseago, “gero” dioenak usu erran nahi “bego”, presatzeak
dakharke ondore txar franko.
Nolanahi den, xakhur txarra gisala da dena kukuso, haurrak
aita-ameri dagotzi bethi so, bi begi baino hobe dauzkagu bi beso, baso bakharra
baino ez othe bi baso? Ez ahantz duenak
azer bipher emaiten ohi du, ez da behar iztupa suari hurbildu, tripa hutsari ez
da emaiten kontseilu, barur egonez norbait noiz zaitzu arraildu? Eta bukatzeko, gauzarik hoberenak finitze bat badu; behar
naiz ba sail huntan nolazpait gelditu zioen autoreak, aho hetsian ez da nehoiz fitsik sartu, baina ez tronpatzeko behar da
ixildu, eta arrazoi handiz gainera!
Pierre Lafittek
eta Louis Dassancek Baionan argitaratutako kantu bilduma hau, beraz,
hemezortzigarren mende akabutik gaur arte eman zaizkigunen artean bat da, balio
nostalgiko hutsez bainoago, balio didaktikoaz ere eskutan har daitekeena;
denborari tarte bat eska eta hari dedika nahi dionak, bederen.