“Nor, nori, nork, baldintza eta subjuntibo, joder, baldintza eta subjuntibo
joder, baldintza badakigu!” kantatzen zuen Gozategik duela urte mordoxka bat.
Zenbat aldiz ez ote garen euskal aditzaren sistemarekin amorratu, unatu eta
hartaz (edo harekin) trufa egin ere.
Iragan asteartean Euskararen Nazioarteko eguna izan baita, eta Euskarak 365 egun behar lituzkeenez, urteko
edozein egunetan mamituriko hizkuntzarekiko ardura edo pena bat hona, ttikia
izanagatik, gaurko egun arruntean.
EGA eskuratzeko azterketan agintera ez omen denez eskatzen, “zertarako ikasi?”
egiten du aldarri ikasle arruntak. Eskoletan aitzakia erraza du, bestetik,
“zertarako ikasi behar dugu hika? Ez da erabiltzen eta!”. Hitanoa dela,
agintera dela, ahalera ditxosoa ere bai, tartean ergatiboarekin kontuz, aditz
oinak, hipotetikotasuna eta sailak. Hel! Hori dena zertarako?
Alferkeriak deiturik, zailtasun punttu bat antzemanik, errazena
ikasleentzat, ahal den neurrian, lanari eskapo egitea. Baina ez da edozein lan,
ez da edozein ikaskizun. Oro har, ez zait iruditzen gainerako hizkuntzekin
hainbesteko erresistentziarik agertzen denik, baina euskaran, denborak aurrera
egin ahala, ez da erabiltzen izeneko mamua
atzetik dugu eta harekin batera, ez du merezi ikastea.
Eta ikasleez haratago, helduak ere sumatu ditut (ez behin edo bitan
bakarrik) aditza ikastearen kontrako,
indarrak beste inon gastatu beharko genituzkeela defendatu nahi dudalarik.
Metodologiak eztabaida genitzake, eta egungo ikasketa-sistemak asko luke
aldatzeko, baina, hizkuntzaren atalak ikasteari uzten hastearen arriskua garrazki
jasotzen dut, erabilpenaren aitzakia gupidagabearekin.
Esanen nuke hizkuntzaren jabekuntza funtzionaltasun akademiko gisa soilik
ulertzen ari dela gero eta gehiago, berezko izaera-ikur izatetik urrutixko, eta
orain, gainera, hezkuntzaren lege berria egoera okertzera datorrela garbi dago.
Euskararen balioa eta duintasuna ulertarazi eta sentiaraztea nekeza izan bada
(ingurune ez normalizatuetan), sarri lana zailduko zaigu; ikasleentzat ez da berdin
izanen gaztelania edo euskara ikastea, batak balioko baitu titulua eskuratzeko,
bigarrenak, ordea, ez.
Euskara irakasleok azkenaldian urdaila estu dugu, hala, aditz sistemaren
beraren etorkizunaz gaindi (hutsalkeria badirudi ere), euskararen geroaz beldur
garelako. Legeak babesturik, bazterkeria horrek gure hiztun potentzial berriak
hartuko ditu, badakigu zein den erraza agintearen joerak eta moduak gure
egitea.
Aditzak min ematen dio askori, baina niri neuri zenbait gauza aditzeak ematen
dit min.