Berriki zabaldu du Barne
Ministerioak, eta aurtengo inauterien karietara arin demonio egin gainera,
Guardia Zibil mozorrotzea debekatua dagoela. Zentzu batean, ona ere badela
pentsa genezake, albait gutxien ikus dezagun uniforme hori gure paisaietan; ea
gure iruditeriatik aldatzen ditugun halako presentziak poliki-poliki, izan ere,
haiek errepresentatuz, ez al dira etengabe biziarazten? Zenbat buru, hainbat
aburu, ez gatoz eztabaida hori argitzera.
Edozein gisaz, debekuaren
estrategiari baizik heltzerik ez dionak, urari mugak jartzea bezain ahalegin
etsian ari dela dirudi. Eta duintasun eskale, gainera. Aj! Kontrolaren behar
hereditarioa izanen da, belaunaldiz belaunaldi ekarri dutena. Arau ezarle, eskubide
murriztaile, inposizio zale dira. Eta inauteriak hain justu hori errefusatzen
du oinarrizko printzipio gisa. Baina, noraeza itsuan, beste esparru askotan
bezala, inauteri garaian ere “hemen gaude” handi bat oihukatu beharra du
botereak, nork agintzen duen ez dezagun ahantzi.
Unean uneko debekuen gainetik,
Satrustegik berak iradoki zuen inauteriak izan zezakeela bere sorburuan eta
bere baitan gizakiaren nolabaiteko exijentzia biologikoren bat. Eta baliteke.
Askatu, berritu, inausi, hautsi, ernatu, irauli, sortu, erauzi, lurperatu,
astindu, haizeratu, oihukatu, bota, zirikatu, ospatu, bukatu eta hasi. Ez ote
da hori inauteria? Ez ote dugu denek ere, inoiz, hori egiteko beharra? Alegia,
animoaren azaleratzea eta berrezartzea. Inauteriak, gaurkoak ere, badu
jendearengan iniziazio erritutik zerbait; bai bederen, inauteriak sakonean duen
buruketa sinboliko horrek, izan otsailean edo abenduan, izan mozorroturik edo
zomorroturik. Eta berez, ere bai, izan boteredun edo herri xehe.
Behar eta gozamen hori nabari
zaio hainbeste herritako ospakizun ugariri, zorionez. Egiazko egun handi
baitituzte batzuek. Eta ez bereziki jantzi eta egiteko espezialak prestatu
dituztelako, baizik eta, hartatik gaindi bizirik den atmosfera batek eusten
dituelako osasuntsu. Hara Zubietako gazteak aurten watzap guztietan barrena
zein famatu bestelako joare batzuk ageri zituztela! Ez zuen, ez, planifikazio
handirik izanen haien “beste” karrika-dantzak.
Egunotan han eta hemen ari da
jendea animoa azaleratzen eta berrezartzen beraz, eta hala, bolada honetako gai
nagusietako bat baita, nahi gabe (zin dagit), adin ertaineko pertsona bati
Zuberoako maskaradaz, inauteriaz alegia, entzun diot “ez dagoela hori baino
gauza aspergarriagorik”. Einsteinen aipu bikaina etorri zait gogora, zer nahi duzue?,
unibertsoaren mugagabetasuna beste zerbaitekin alderatzen duen hori. Hasieran
aipatutako debeku berriaren ideiaren gisan.