Eta hitza oinaze izanen da
Hitzak ez du zauria sendatzen, baina laguntzen du. Halaxe iradokitzen zuen
Letek Hitzez hitz poema eder eta
sakonean. “Hitza oinaze izanen da, oinazeak gure zauriak sendatuko ditu (…). Baina
ez dago sendatzerik, baina”.
Izan ere, bada toki bat munduan, zeru eta lur artean, hitzak min hartzen
duenekoa. Hitzak min hartzen baitu; baita eman ere. Gizakiok gauzak izendatzeko
beharra dugu sentitzen dugunari forma emateko. Hitzarekin jabetzen gara
errealitateaz, eraikitzen dugu hura, eta eraikitzen gaitu gu geu, minez ala osasunez,
gorpuzten gaitu. Hitzarekin, halaber, etorkizunaren norantza erabakitzen dugu. Hitza
galtzen dugun neurrian, gure burua egiazki ezagutzeko aukera galtzen dugu. Har
dezagun, bada, hitza lagun min.
Hitzak min liburu bihurtu dugu, aspalditxokoak eta
hurbilagoak barne, hainbat artikuluren bilduma osatu dugu. Zutabe honetatik
gaindi, bestelakorik ere ekarri nahi izan dut publikaziora, beti ere, hari
orokor bati helduz. Herria eta bere izaera ardatz harturik, eta inguruan daukagunak
kezka izanik, hamaika gai hartu ditut hizpide idazten hasi nintzenetik.
Kultura, nortasuna, hizkuntza, folklorea edota ondareari, besteak beste,
begirada zorrotza eman nahi izan diet, irakurlea, alegia, gogoeten bestaldean
dagoena, bidaia intimo baten partaide sentiarazteko asmoz. Bidaia intimo eta
pertsonal honetan, gai batzuk samurrak dira, beste batzuk ez hainbeste, baina
denak sentimendu kutsu nabari batez emanak dira. Bizi dugun errealitatea hitzaren
bitartez liseritzeko modu bat izan da honakoa, norbere behar batetik sortua,
gainerakoekin konpartitzeko gogo zintzoaz datorrena.
Bildumari Jean Louis Davantek eman dio babes. Harreman profesional gisa
hasi zena, harreman pertsonal bilakatu da eta konfiantzak baimendurik, bere
begirada jantzia galdegin dut, lan hau indarrez kaleratzeko. Arrazoi ugari dira
zuberotar bat hautatzera eraman nautenak. Batetik, aditua eta aritua da,
jantzia eta ongi jantzia ere. Idazlea, euskaltzaina eta irakaslea, besteak
beste. Bestetik, Iparraldearen ikuspegia ezin hobeki transmititu izan dit, eta
gure herriaren bi errealitate(ak) hurbiltzea nahitaezkoa deritzot, puzzlea
zatika ez dadin. Hangoari so, euskal herrien bilakaeraz asko ikasi dut. Jean
Louis, zentzu honetan, erreferente handia izan dut, eta hitzaurrea eskatu diodanean,
honela azaldu du liburu honen zergatia edo arrazoia.
“Liburu hau artikuluz osatu digu.
Kontua da, batetik, liburu askoak zatika idazten direla, eta ez maratoia
bezalako arnasaldi bakarrean; bertzetik, artikuluak agertu arau galtzen direla,
salbuespen handiz kanpo, paperezko sudur-zapiak bezala, baita pastoraletako
kantuen gisara. Liburu batean berriz agertzeak interesik badu: iraunkortzen
ditu, gainera batasun bat ematen die, are gehiago edukian koherentzia bat
badutelarik beren artean”.
Asteartean aurkeztuko da liburua Iruñean.