2014-05-30

Lurraren pean sar nindaiteke

Ura, harria eta denbora elkarren eskutik. Harri soilak hartu zituen formak. Urak iragan ditu azpi eta behe. Denborak zizelkatu du paisaia eta aldetik alde, bidaia. Euskal Herriaren erdigune izateak, bihotz izaera egokitu dio, halako kategoriak emateko usadioaz. Aralar kareharria da, baso babesleak, herri ttikiak.

Kanpoan argia da, kontrasteak ageri ditu, usainak eta soinuak aditzen dira, aldaketak eta berritzeak gertatzen. Barruan, aldiz, ilun da, bertan denbora ez da gure denbora, beste erritmo bat darabil harriaren erraiak, ultrasoinuak dira bere taupada, motel eta isil bizi da seigarren kontinentea, hotz eta heze egiten du lo barruak.

Aralar makina bat koba, sima eta zuloz osatua da. Amutxate, Akelar, Lezegalde, Sorginzulo, Tomasenzulo, Ormazarreta, Hartzulo eta Sastarri, besteak beste. Gainazala bezain berezia du barrua, nola izenez, hala izanez. Eta bi munduen elkar-loturak oso adierazgarri bihurtzen du haren baitako esperientzia. Dikotomia.

Goiko azalak berezkoak dituen baldintzek barrua babes bilakatu dute, hemen eta edonon, eta gizakia horren bila abiatu zen milurteak atzera. Teilape, estalpe, gotorleku edo etxe. Lurrazpirako sarreren mesedea gozatu du izakiak eta gizakiak. Haren misterioa argitzen saiatu dira batzuk eta besteak.

Ekainaren 14an Aralarko Mendukilo koban bidaia intimo bat egiteko aukera izanen da. Larraungo egunaren aitzakian, barne-paseo berezia eskainiko du Ortzadarreko musikari eta dantzari sail batek Astitzeko naturaren mirakulu eder honetan.

“Artzain-txirula” izenez bataiatutako sorkuntzak mendi hauetan bizi izan den edozein artzainen bizipen eta sentipenak bilduko ditu modu esentzialean. Ebokadorean. Soil baina gorpuzturik. Animalia eta bere zaintzailearen bizitzan batzen diren soinu, doinu, hots eta melodiak, baita erritmo, dei, joko eta lanak ere, sinbolizatuko dira koba barruan.

Lur-barneko bidaia esoterikoetan, normalki, norbere buruarekin egiten dugu topo. Bakardade arraro bat bizitzen dela esan daiteke. Bakardade horrek haitzulotik gutaz beteak ateratzea dakar, prest egon beharra dago sentsazio betegarri edo itogarri hori bizitzeko, egonaldia istant bat baino luzeago bada. Gure hitzordu honetan bisitaria ez dugu bere bakardadean utziko, argi lauso eta goxo metaforiko batez emanaraziko dizkiogu urratsak saguzarren erreinuan barna. Kanpoa barruarekin uztartuko dugu une labur batez, doinu eta mugimendu laztangarriak jaitsiko ditugu harrizko unibertsora. Halako ilusiozko lizentzia batez, kanpoa eta barrua ezkonduko ditugu.

Ohoratze saio umil honen ondotik, berreskura beza kobak bere jatorrizko (ahal den) izaera, egoera, eta ezagut bitez bere ohiko musika, hots eta xuxurlak, amesten segitu nahi badugu luzaroan.