2014-05-30

Propolis edo herriaren defentsa

Berriki, erlearen munduaz interesa piztuta, Ultzamako ezti-egile batengana jo dugu zerbait ikasteko asmoz. Egungo zurrunbiloa hirian utzirik, lasaitasunaren ingurunean ongi lekutzen da edonor jakintza berriak entzuteko.

Eltsoko Ezkurdi etxeko jabeek ongi ezagutzen dute erlea. Haren gaineko edozer kontu xarmaz eta atseginez azaltzeaz gain, museo gisara jarritako baserrian erraz laketzea ahalbidetzen dute, ofizio horren mirakulu eta sekretuen atmosferan murgilduz.

Erle-komunitatearen antolakuntzaren nondik norakoak xehekiago ezagututa, gizakia inutil samarra dela pentsa genezake, eta barka atrebentzia. Bizitza osoa ematen du batak zerbait egiten ikasteko, eta arin demonio jartzen da bestea, intsektu ttiki hau alegia, bizikideekin elkarlanean. Lezio ederrak ematen ahal dizkigu, bai horixe!

Tradizio handia bildua da erlearen bizimoduaz, sinesmenez eta usteez. Eta gaur egun Miel de la Granja San Francisco edulkoratzaile ditxosoaz inbadituta gaudela, ez dugu batere ezagutzen eztiaren balioa eta erlearen lan ona. Gozagarria da zaharrei entzutea nola zuka egiten omen zitzaien erleei, errespetuz egiteko, sakratu zirela uste baitzuten. Goxo hitz egiten zien erlezainak, ziztadarik jaso ez zezan. Gainera, ongi zaintze horretan, batzuek ardo gozoa ematen zieten neguan, hotzak ez akabatzeko, azukre-ura emateaz gain.

Erleak, usteei eutsiz, ezin ziren saldu, katuak bezala, esaterako. Zorte txarra ematen omen zuen horrek, oparitu egin behar ziren. Eta onura asko ekar zezakeen erlearen ziztadak, erreuma edo artrosia sendatzen zuela jaso da Nafarroan: “Ipurdia erakutsi behar zaio erleari”.

Era berean, etxeko jauna edo andrea hiltzen zelarik, berria eman behar izaten zitzaien erleei (eurek ere ohartzen zirela entzun izan dut). Batzuek hiru kaska eman behar omen zitzaiela diote eta ondotik, argizari gehiago egiteko eskatu, hiletarako behar izanen zena sor zezaten.

“Ez dute erasotzen, defendatu egiten dira” dio irmoki nagusiak, fama astunak garbitze aldera. Eta haren ondotik, bonbila piztutako bati “garaian baskoiak bezala!” etorri zaio ahora. Irriak ondotik.

Eta hara non, defentsa-plan arautua duten hauek ere, elementu klabeetako bat propolia delarik. Grezieratik eratorria, hiriaren defentsa esan nahi luke propolis hitzak (pro “aurre” eta polis “hiria”). Gaur antibiotiko natural gisa hartzen dena, erromatarrek, ordurako, zauriak sendatzeko, adibidez, usu erabiltzen zuten. Pliniok berak, harrezkero, azaldu omen zuen edozein bakteria edo arerioren erasoaz babesteko estaltzen zutela erleek erlauntza, haien etxea, alegia. Euskaldunak, antzina, propoli gutxiegi maneiatu ote zuen harenaren defentsan?! Kaben!