Batek daki
nondik datorren haize hau. Nondik nora, eta handik hona. Esanen nuke itsas
usaina duela, lehorrean; mezuz betea datorrela, botilarik gabe. Hain da
indartsu, ezen begiak nekez eusten ahal baititut zabalik. Leiho-hegian, tinko,
jasotzen ari naizen sentsazio guztien inbentario azkar eta zalapartatsua egiten
ari da oharmena. Ea zer dakarren. Uda da, baina gaurko gauak, bereziki, negua
dirudi. Gauez, ordu ez-ohikoetan, etxeko pareta eta sabaipean urtaroen arteko
diferentzia ez da nabarmena. Eguzkiak ekarriko ditu ñabardurak egunsentian. Eta
lekutuko gara.
Haizeak
badu zer dantzatu gaur. Ekimenez heldu da. Euriak amorrazioa balu. Masailean ur
tanta hotzek ematen dizkidaten astinduek jarri naute babesean nagoela; nahi
dudanean ihes egin diezaioket ekaitzari. Zer dio, ordea? Deszifratu nahi nuke.
Etxarteak ilundu dira farolen argi-indarra erabat lausotuz. Baina ez dut
leihorik itxi, geldi nago neurea ez dirudien asmo batek eskatuta. Behartuta.
Egon,
entzun behar dut. Noizbait utziko baitio haserrealdiari, agian ez baita
haserrea ere. Eta firin-faran hasiko da. Laster hori ere ez. Laster literatura
geldituko da bakarrik, ohi gisaz. Eta orduan urrutiko
nonahiko haize honek bueltan beste zerbait eramanen duela eginen dugu desio.
Betiereko gomuta. Haize honen sorburura. Etorri den indarraz baliatu eta aske
izan dadin ziztu ozen hori. Landa-lurrak korritu, ibaiak zeharkatu, bideak
astindu; harat-honat ibili. Fiua doinu lirain bizi dadin ortzimugan,
zori artean. Literaturak eman diezagun arnas berri. Behar baitugu denek ere.
Dena
delakoagatik ekaitzaldi honek eskatu du arreta. Zerua goibeldu da egin
diezaiogun hargatik galdeketa. Une bat galdegiten dute, zerbait esplikatzeko.
Etorri bezala, gauzak joan egiten direlako. Eta une ororen sakonean beste zer
ikas badelako.
Hodeiak
urruti baitzaizkigu, tximistak eta trumoiak. Urreratzen direnean so egiten
diegu soilik. Ezezagun dugu sabai horren solasa.
Eta irudituko zaigu bihar enarak ez duela jakinen
nora doan, ziztu bizian arituko den arren; ortzian ibiliko dela noraezean,
haizez haize aterpe bila. Bizitza larria delako, izatez ere. Baina badu
itxaropenik. Behar du, biziko bada; behar izan du, aitzina egiteko. Eta enara
horrek bilatuko du babes, aurkituko du ohatze. Gerorrek eginen dugun bezala.
*Inaxio Agirreren oroimenez