2015-02-28

Ikusi makusi

Mundua, orain arte, bitan banatzen zen, edo hala uste genuen: onak eta gaiztoak; errealistak eta ameslariak; zoriontsuak eta zoritxarrekoak; agintariak eta menekoak; kortxoak eta plomuak; astakirtenak eta ez-astakirtenak. Ostiralaz geroz, baina, mundua “ikusteko” eta banatzeko modua koloreek zehaztu dute. A zer zalaparta koloreen kontura. Soineko batek du errua (edo haren jabeak). Orain, urdin-beltzazaleak edo zuri-urrezaleak gara. Delako jantziak bitan banatu gaitu gizabanakoak.

Izatez, lagunen mahai-buelta batean, ostiralean berean, batzuk eta besteak gaudela konprobatu nuen, eta estresa ere sumatu nuen. Tarteka halako uholde-eztabaidak sortzen baitira.

Garbi da ezberdin “ikusten” dugula. Ezberdinak garelako. Oro har, zaila da esplikatzen zer den zehazki ikusten duguna. Edo besteak zer ikusten duen asmatzea. Gure genetikaren, erreferenteen, hezkuntzaren eta entrenamenduaren arabera egiten dugu. Jakintza maila ezberdina baitugu denek ere, eta harekin mugitzen gara munduan. Zentzuek aurretiko informazioaren arabera funtzionatzen dute. Testuinguruak datuak eralda ditzake gure baitan. Sentsibilitate mailak eta motak, ere, ez ditugu berak.

Orain urte batzuk, gogoak ekarri dit pasadizoa, dantza talde gisa egin ditugun bidaietako batean, gauza bitxia gertatu zitzaigun. Hamaika tramankulu, arropa, kutxa eta fardelekin kokatu ginen aireportuan. Gauza asko genuen fakturatzeko, baina beste batzuk, ahal zela, gurekin batera igo nahi genituen hegazkinean, hondatuko zituzten beldur (eta esperientzia) handia baikenuen. Hala, akordeoia izorra ez zedin, motxila berezi eta handi samarrean prestatu eta taldeko mutil azkarrenetako bati bizkarrean hartzeko eskatu genion, disimuluz desfilatzeko erregutuz. Hantxe ginen, gauzak eskanerretik pasatzeko zorian, denak urduri, musika-tresna pasatzen utziko ote ziguten, ez baitzen txikia. Botoidun akordeoiaren hezurdura pantailan ikusten hasi ginen denak; tentsioak hoztu gintuen.

Halako batean, une kritikoenean, polizia andreak esan zuen irribarre atseginez:
- Bai idazmakina polita!

Idazmakina! Musika-notak “idazteko” tresna! Zoragarri etorri zitzaigun ikuspegi edo begirada diferente hura, modu hartan, gailuaren neurria edo/eta izaera eskuko ekipaje gisa eramateko egokitzat baloratu baitzuen andre hark, eta gure helburua lortu ahal izan baikenuen.

“Eta, mundu traidore honetan, ezer ez da egia, ezer gezur: begiratzen den kristalaren kolorearen araberakoa da dena”. Hala zioen Campoamor poetak. Ikuspegiak, interpretazioak eta soak. Subjektibitatea ezinbestekoa zaigulako, balio aldagaitzik ez dagoelako. Norberak nahi duena ikusten duela izanen da, finean. 

Ikusi makusi, zer ikusi?