2015-04-12

Pro-zesio

Beldar-kateak zorura etorri dira, prozesionaria lur hartuta dago pinudi eta mendietan barna. Errenkada luzeak, har bat bestearen segidan, lotuta, hil ala biziko bidaian. Mantso doaz, oso; isil, zuhur, irmo. Bidea badaki lehenak; hari segika gainerako guztiak. Haien legea dute, eta ilara amaigabeek atentzioa ematen digute urtero. Arriskutsuak izan daitezkeela, edo kaltegarriak, erresumin handia sortzen duen sustantzia omen dutelako gorputzeko ileetan. Temati begiratzen zaie. Izurri kategoria hartua dute aspaldi. Ibilaldi horien amaieran, lurpea datorkie, eta bertan, metamorfosia, tximeleta bihurtzeko.

Zikloak. Bizitza. Nahitaezko hitzordua. Haien prozesio propioan ari dira hil honetan animalia hauek. Eta apirila da, honela, lurreko ilara hauei fidelen tankeratzen zaizkien funtzioen tenorea: prozesioak. Izan, badira, ez urruti gainera, gurtza, benerazio eta jainkozaletasun andana gurean.

Mementoan bukatu dira debozio-egunak. Pasioak. Elizbirak. Santuak batzuk, fedegabeak besteak. Antzerkiak hemen, emankizunak han. Prozesioa barrutik doala esaten da bada; ez dakit, ongi, zer esan. Ez dirudiela erranak egia. Maizegi halako sineskeria pose batez bezti sumatzen baitira agerkizun hauek (kontuan hartu gabe espantu lazgarrian ibiltzen diren horiek). Bekatuak barkatzeko fustigazio sesio horietan zinak eta minak pasatuko ditu antzezle askok, nahita, noski. Baina ongi aski (eta egokiago) irudikatzen dut zer garbitua duen txit goren jendaje saila, egiaz barkamen eskatu beharko lukeen ugari, baina… dena figurazioa izaki…

Izanen da edonolako fedearen nezesidade erlatiboan bizi garela. Agian ez du zertan erlijiozko izan, ez du zerutiar behar, ez du elizkoi nahi. Beste zerbaiten babes sinbolikoa, euskarri esoterikoa, helduleku metafisikoa, zutarri magnetikoa beharko dugu finean. Eta hala izanen da. Justizia lurtarrik gutti dugun honetan, tranpa gizatiar sobera dugun honetan, nolabait eutsi behar. Askok, halere, diseinuzko orazioaldietan agertzen-edo ditu bere minak.

Bi prozesioak presente gurean. Batek daki zer bizi-esperantzarekin, baina hor dira. Norbere irritsak alde batera edo bestera agertzen ditugu, eta haiei bizkar emanik bizi gaitezkeela pentsa dezakegu, baina ororen eragile dira biak ere. Sakonean antzeko zerbait konpartitzen duten susmoa daukat. Bata, basoa bertako jatorrizko zuhaitzez berritu ordez, pinu gehiegi landatu delako etorri da, eta hartara, prozesio mota bat zabaldu da. Bigarrena, esanen nuke gisa berekoa dela; jatorrizkoaren arrastorik txikiena gorde ez dugularik, gerora ekarritako prozesio nagusi bilakatu da. Esango nuke pro-zesio agertzen naizela bi prozesioekin.