“Lapurra gauez zure etxean sartzen bada
eta oihu egiten baduzu, ez dizu inork adituko. Alarmarik baduzu, polizia
ailegatuko (sic) da. Babestu zure seme-alabak”.
“Lapurra zure etxean sartzen bada eta bila
dabilena aurkitzen ez badu, ez da joanen, haserretuko da. Babestu zure
familia”.
“Lapurrak zure txaleteko hesiaren gainetik
salto egiten badu, salbatuko zaituen bakarra alarmak jotzea da”.
Segurtasun enpresa handi eta famatu baten
iragarki berriak dira hauexek. Hiru adibide. Entzun nituen lehen aldiaz
geroztik, ezin dut ene harridura agertzeko beharra ito. Segurtasun eta alarma kontuetan
liderra izanen da, ez dakit batere, baina darabilen marketin modeloan boterearen
sistemaren arrasto garbia ageri du.
Halako teknika komertzialekin
(subliminaltasuna ez da honezkero baliozko balore, antza denez) erraza da izua
eragitea, segurtasun eza (erredundantzia jokoan) sorraraztea, eta horren
araberako emaitzak eskuratzeko bideak marraztea. Beldurra emozio primarioa
dugu; instintu defentsiboa gugan da. Eta beldurra kutsakorra da. Beldurrak
indar eman diezaguke, baina baita ahuldu ere. Hala da tresna bihurtzen,
erreminta. Oso eraginkorra gainera. Ongi daki erlijioak. Ongi daki botereak.
Beldurra denaren oinarria da (B. Russell);
misterioari beldurra, porrotari beldurra, heriotzari beldurra. Afera da beldur
zeri izan behar zaion seinalatzen zaigula gero eta gehiago. Instintiboa izan
ordez, ia-ia katalogatu digute izua.
Chomskyk esana du manipulazio
mediatikoaren 10 legeak edo estrategiak nola diren. Alderdi emozionala
hausnarketa baino gehiago erabiltzean datza arauetako bat; klasikoa da analisi
arrazionalean kortozirkuitoa sortzeko
teknika, ondotik gizabanakoaren izaera kritikoan zuzen-zuzenean eragiteko.
Erregistro emozionala erabiliz, inkontzientera ailegatzeko atea zabaltzen ahal
da ideiak, desioak, beldurrak ezartzeko, jokaerak eginarazteko edo induzitzeko.
Iragarki horiek, denak bezala, eragileak
dira, baina zerbait gehiago ere bai; inbasibo, kezkagarri, merkadeante,
katastrofearen iragarle ari dira (“oihu egiten baduzu, ez zaitu inork
adituko”). Eta, ez da, delako enpresa horren publizitateak loa eragotzi behar
digunik; beldurraren kulturak erabat hartuta gauzkala ohartzea, baizik.
Izozmendiaren muturra besterik ez da, bai; baina izozmendi handiarena. Adi.
Alarmak gora eta alarmak behera,
kasualitatez lagun batek aste honetan bertan, halako arratsalde batez, ijito
familia bat aurkitu zuen etxeko atarian (herri txikia da); tinbrea joka sendi
osoa haur parea eta guzti. “Kaixo jaun, eskatzera gatoz, bestela, jan ahal
izateko, ebastera etorri beharko dugu”. Securitas-eko marketin departamentuari
kontatzekotan naiz.