Ez zekiela nondik baina neska hura Facebooken “lagun” omen zuela, ezagunen
baten bitartez-edo, ez zela oroitzen. Hilabeteak zirela haren berri irakurtzen
zuela bere horman, ia egunero; argazkiak, pentsamenduak, hitzorduak, haserre eta
pozak, marrazkiak (artista zen nonbait)… dena ezagutzen zion.
Oso arraro egin zitzaion kalean ikustea lehen aldiz. Halako parranda gau
bat zen eta aurpegia ezaguna zitzaiola, Facebooken etengabe ikusten zuen neska
hura zela ohartu zen azkenean. Ez zuen hain txikia imajinatzen. Gainerakoan
ezin jakin, ez zen berekin inoiz mintzatua; pixka bat behatu zuen, jakin-mina
zuen.
Neska hartaz inoiz usteko ez zukeen informazio pila eskuratua zegoen
harrezkero. Gauza asko zekien hartaz. Arraioa! Zergatik jakin behar zuen
hainbeste kontu ezagutzen ez zuen pertsona hartaz?! Izatez ere, ez baitzen ez
lagun, ez ezagun (ia).
Dimentsio hura oso perbertsoa zitzaion. Sentsazio hura ez zuen gustuko. Nahi
ez bazuen ere, bazuen aldiroko dosia bere telefonoan. Neska haren bizitza
segika balu bezala. Inbadituz. Ikusi zuen aldi hartan pentsakor gelditu zen, begira-begira,
nola mugitzen zen, nola hitz egiten zuen, nor izanen ote zen disimulu gabe analizatuz.
Famatu bat ikusten denean sentitzen den gisako zerbait sentitzen zuen neska
harekin. Informazio hori guztia, hala ere, berak zabaldua zen (eta da).
Biografia birtuala nahi duenaren eskura, intimitatearen mugak ausardia handiz
ukituz. Horrenbeste daturekin, fisikoki elkar ezagutzeko balizko aukera batean,
zer galdetuko zion neska hari? Ia dena aurreratua zuen sarean! Bere
polizia-fitxa egina zeukala pentsatu zuen, gainera, halako bertigo sentsazio
gordinarekin.
Funtsean, ez zaigu pisua gertatzen norbere promozio kanpainak ditugula
aitortzea, gure bizimodua publiko eta ikusgai jarriz, autobiografia partzialak argitara
emanez, arrakastaren pertsekuzio sinbolikoa etengabe praktikatuz. Pertsonen
arteko harremanetako gertagarritasunaren zalantza-dantzari tartea ebatsi diogu. Finean,
iragarkia, eta ez bizipena.