2015-09-20

Argizariak

Etxea apaintzeko kandela bitxien bilduma batekin hasi berria dela. Orain pare bat aste iragarki bat ikusi omen duela eta asko gustatu zaizkiola argizari berezi haiek. Nonbait, modelo zahar-klasikoak kopiatuz erreplika sorta jarriko dute salgai kioskoetan, hamabostero. Nostalgikoentzat? Oraindik ere bada halako deiei amore ematen dienik.

Formulak bizirik darrai, beraz, eta nola ez, ikasturte hasieran. Bilduma berri batekin hasiko dela-eta, gauzak pilatzeaz utzi dit gogoeta bildumazale berriak. Pilatzeko, bildumatzeko, biltzeko joera jarri zait begien aztergai, lehendik ere hainbat aldiz pentsatua dudana. Faszikulu horiek pilaketa sustapen mezuak dira. Bai, merkatua eta diru-iturria batetik eta nagusiki, baina beste batetik, munduko bazterrak gauzez betetzeko gonbita ere bai. Zernahiko estrategia malenkoniazko bat baliatuz (kandelen kasu honetan), hartzailea samurtu dute eta pentsarazi diote ez daitekeela horiek erosi gabe geldi.

Ondasun materialen zenbatekoan pentsatzeak izua sortzen du. Banaka-banaka zenbat gauza dugun ohartzen bagara istant batez (eta zenbat diren erabilgarri eta beharrezko, jakina) jasangaitza da gauzakien numeroa mundu mailako ikuspegian hartuz. Alferrikako biltegi erraldoia dugu (edo gara). Zer behar dago hainbeste edukitzeko? Nondik bizi gaitu hainbeste edukitzearen naturaltasun horrek?

Pilaketa konpultsiboaren sindromea-edo ba omen dago, gauzak gorde, altxatu eta ez botatzeko ohitura alegia, badaezpadakoak beti frenatzen baitu etxea husteko edozein asmo. Diogenesengandik urruti (noski, ez gara horretaz ari), esan liteke nahiko orokorra dela gauzak izatearen joera erraz hori, eta oso esanguratsua, gainera. Berdin erosia, oparitan hartua, mendian jasoa edo kalean aurkitua. Bildumak, tresnak, oroigarriak, naturako elementuak, apaingarriak, trasteak edo nahi den gauzaki. Ez dugu gauza gehiegi?

Errefuxiatuak datozkit gogora iheskor, haien hanka egite latza, etxea eta lurra utzi beharrean nola diren. Hara, ondasunen balioa zein den egiaz. Halako muturreko egoera batean egon arte, zail da edukitzearen sinboloaz serio pentsatzea.

Kandelen bildumazale kontentu askoak ez du haien argien beharrik, etxea uzten behartua eta kalamidade gorriak bizitzen ariko denak bezainbeste.