2015-10-31

Esaten ez dizudan hartaz

Eta bai. Amama pelikulak eman du solas egiteko aitzakiarik. Filmak hainbat bizimoldeko jendea ukituko duela iruditzen zait. Nagusiki, jorratzen den oinordetzaren harira halako egoera bat bizitzen ari dena edo hartatik pasatutakoa, ispilutuko baitzaio baserriari eusteko gurasoek hautatua izatea zer den eta beste bide bat aukeratzeko bidegurutze triskantzatsuan egoteak zer pairarazten duen.

Bestetik, baserriaren munduan sortua eta hezia dena, baina hartatik aldatua dena ere (faktore ugari tarteko) hunkituko dela esanen nuke. Nolabait, baserriarekiko loturan haustura bat gertatu bada, kontzienteki erabakia ala zorizkoa, ikus-entzunezkoak gure baitan eragitea erraza da. Aldiz, eta intuizioz ari naiz, baserrian bizi denak pelikula ikusi eta bertan ageri dena aitortuko duela uste dut, ez zaiola barrena besteei bezainbeste urratuko. Agian, baserria hiltzera doalako irauliko zaio gogoa, min handia baita hori liseritzea. Baina ez da baserria utzi duenaren erru-zama sentimendua izanen. Hori ere aski pisua. Nolanahi ere, aintzat hartzeko bi min.

Askok ikuspegi erromantiko gehiegiz ulertzen baitu landa-mundua. Hiriaren mihi luzeak hori erakutsi du maiz, halako ezagutza txikiko ausardia batez. Baserrian bizi denak eta baserria bizibide duenak badaki zer den hori, eta badaki harekiko begirada bukolikoaren iruzurraz. Errespetua nahi du. Eta, era berean, baserriko alaba edo seme denak, bat-batean bere esku sentitzen du hainbeste belaunaldik iraunarazi dutena galarazteko eta eteteko erabakimen garratza. Desohorearen madarikazioak itotzen du, sokak nola.

Amatxi, filmean erro, lekuko eta akuilu ageri da. Amamak isilik espresatzen du, ohi gisan hemen. Berak egin beharrekoa egina du. Eta esperoan da, begiradaz igorririk testigantza. Juan Antonio Urbeltzen kantu ezagunak “pentsa zuk esaten ez dizudan hartaz” dio eta baserriko bizimodu eta errealitate honek asko du halakotik. Gaurko solasaldien banalizazio erakustaldien aldean, baserriko unibertsoan gauza asko ez da hitzez erakusten, kontatzen edo egiten. Eta hori ere, herri honen idiosinkrasia da.