Hiria lasai, isil eta geldo zegoen halako siesta-ordu batean paseoan ginen
lainoari pultsua irabazia zioten eguzki izpiek lausengatzen zuten alde
zaharrean barna. Iruñea biziki eder dago egunotan. Udazken koloretan.
Hosto-alfonbratan. Argi-itzal jokoetan.
Zaldi Zuriaren ostatuaren aitzinetik hirigunera bidean mantso, elkarrizketa
lasaigarri batean kontzentraturik, moja bat ikusi genuen pareko eraikineko metalezko
ate haundi eta hotz bat zabaltzen; Karmeldar Oinutsen komentuko zuriz
jantzitako moja zen. Karrikara begira hasi zen, norbaiten bila bezala.
Distantzia egokian ginen diskrezioz eta ia borondaterik gabe behatzeko gisan.
Burua ateratzen zuen, lotsati, berriz pausoa atzera, baina ez zen
etxeratzen, kanpoari so zen aiduru. Minutu batzuk pasatu ziren horrela. Kontenplaziozko
bizitza duen erlijio erakundea omen da etxe horretako kideen filosofia. Eta
hala ari zen, iduriz, erlijiosoa; kontenplatzen.
-Nik ere badakit.
Pausoa airean izoztuz, kolpetik gelditu genuen
gure martxa atearen parean.
-Nola, barkatu?
Gorputzak aterantz biratu genituen.
-Nik ere badakit euskaraz.
-Euskalduna zara!
-Bai, bai.
-Eta… euskaraz egiten duzu maiz?
-Bah… Hemen ez dakite batere.
Begietara begiratzeko lotsaz zen adin handiko
andrea. Ez genekien zuzena ote zen galdera gehiago egitea, urduri zegoen,
inkiet. Halako aitortza keinu unibertsal batekin, hantxe utzi genuen moja.
Ez zuen aterik itxi. Begiekin kanpoak eskaintzen ziona arrapaladan hartu
nahi zuen, informazio gehiegi balitzaio, baina haren egarri balitz. Esku
urduriak ateari tinko eusten zion, nolabaiteko botere ttiki bat sentituko balu
bezala, emozioak eskapo balitzaizkio.
Moja hark kanpora atera nahi zuen, baina ezin. Bazterreko ate hura hautatua
zuen munduari begiratzeko istant batez, bihurriki (ezin dutela jakinki), eta
hara non, munduari begira, euskararekin egin zuen topo.
Salsipuedes kalean du atari nagusia komentuak. Horra
metafora garratza klausurako komentuari, eta mojari berari. Eta bide batez,
nola ez, euskarari. Ez dakiola, azken honi, patuzko izena izan, otoi(tz)!
*Argazkia: Martin Iraburu