Berriki, Iruñerriko herri ttiki bateko frontoian kartel xahar bat ikusi dut,
aurrealdean, goi-goian. Frontoiari, ezker paretarik gabekoa bera, honezkero
halako plastikozko estalpe iraunkor haundi horietako bat ezarri diote, euria
saihesteko. Haren gainetik (arretaz begiratu behar da) lepo-luze dirudi horma-irudi
ahituak, goi hartan ahaztua bezala, presentzia indargabeaz:
“Hablad bien. No blasfeméis”.
Gisa horretako eta bestelako debeku eta arau bitxiak badira munduan barna. Ba
ote liteke debekurik gabeko bizitza publikorik? Edota pribaturik? Boterearen itzala,
dena dela, irrigarri urrutixko joan izan da maiz. Hala, eta arinenetatik hasiz,
Frantzian, XX. mendeko lege batek tren geltokietako despedidak galerazten omen
zituen; ezin zen musurik eman, agurren luzamenduengatik trenak ez baitziren
puntual abiatzen. Singapurren, bestetik, kaleak garbi edukitzearren, txiklea
inportatzeko, fabrikatzeko eta saltzeko debekua ezarri zuten duela hamarkada
batzuk. Norbegian, nonbait, alkoholdun edaririk kontsumituz gero, ezin omen du
batek botoa eman; antza, edariak argi pentsatzeko zailtasuna dakar eta beraz,
mozkortu nahi baldin badu batek, hauteskunde garaietatik kanpo behar du izan
(eredu har baleza norbaitek!).
Bestalde, Israelen, larunbatetan ezin omen da hatza sudurrean sartu (astean
zehar egurra!). Gainera Arkansasen zakurrei 18:00etatik goiti zaunka egitea
debekatzen zaie eta Utahn txoriek lehentasuna dute autopistan (intermitenteari
ematen badiote, noski). Hara. Hauek denak indarrean ote dauden ez dakit batere;
meritua dute, gero!
Tontakeriak bazter utzita, arau eta debekuz josita bizi gara. Eta bizi izan
gara. Arau batzuk (erlijioarenak kasu) oso errotuak daude hainbat belaunaldiren
memorian, eta gaizki pasarazi diote jende askori. Portatzeko modu normalizatuak,
hitz egiteko era txukunak, keinukerak, janzkerak, ordutegiak, jokaerak, bizierak…
dena errespetuaren delako urraketari lotua, ez dakit nongo moralkeriari men
eginik.
Eta, garaiak aldatu dira (beharrik!), baina gaur, atzo bezala, arauak
ezartzen dituztenen artean Demostenes gutxi dago, portzierto.