Ia egunero izaten dituela eskaera bitxiak. Asteon adibidez, andre batek
esan omen diola “emadazu zerbait argaltzeko” zuzen-zuzenean. Eta jarraian “lo egin ahal
izateko ere zerbait behar dut”. Eta hitzik tartekatzeko isilunerik utzi gabe,
“a, eta… artikulazioetako mina kentzeko zer duzu?”, bota diola. To!
Belar-dendek badute halako erakartze berezia. Badute ohiko bezeroa, eta
badute mirakulu bila joaten zaiena. Ohikoak, oro har, ongi ezagutzen du zer eta
nola eskatu, bai eta nola jokatu ere. Belar-dendetan azken esperantza ezartzen
duenak, ordea, SOS handi bat dakar kopetan maiz, soluzio azkar eta errazak
eskatuz edo bestelako soluzio batzuetatik ihesi, babes bila. Azken honen joera gertatzen
zaion horren gaineko berri zehatz eta komentatua eman nahi izatea da, alegia,
barrenak hustekoa. Lanik handiena entzutekoa izaten omen da, gremioko langile
batek kontatua. Esan liteke, seguruena, botiketan antzeko egoerak biziko
direla; izan belar, izan kimika.
Gure bizimoldeari erreparatuz gero, gako asko jasoko genituzke garbi. Sortu
zaizkigun min, behar, gabezia eta gaitz asko gerorrek martxan jarritako gurpil
zoroak ekarri ditu. Gure osasuna kontzienteki hondatu ondotik (fisiko zein
psikiko), tirita perfektuaren xerka abiatzen dugu.
Jaten duguna garela entzuna dugu, baina ez dakit, ordea, aditua. Premisa
horrek lan asko saihestuko lituzke. Baina ongi dakigu sarritan “komeni” zaiguna
sinesten dugula eta egintzek ondorioak dituzte. Gaur arrautza ekologiko edo letxuga
ekologiko deitzen diegu berezko elikagaiei, produktu naturalei, ekoizpen garbiei;
abizena behar dute eta hori oso adierazgarria da.
Belarren sendagarritasunaz ere etxean ikasi izan dugu; aitatxi-amatxiek
irakatsi digute berbena-belarraren ona, kamamilaren laguntza, ukenduen faborea.
Haiekin ikasi dugu, halaber, zentzuz jokatzen, arduraz aritzen. Gaur dendetara
jo beharra dugu berbena erostera, mendian jaso ordez, eta mostradore baten
bueltan eskatzen dugu halako berri, etxeko sukaldean ikasi ordez. Hala da. Eta
hori ere pista da.
Edonola, osasun integralaren garrantziaz gain, esaera hauxe ere komeni da
ez ahaztea: adinarendako sendabelarrik ez.