Hainbat momentutan sentitu dut Stendhal sindrome famatua. Agian teknikoki ez
da oso kontzeptu zuzena baina niri gustatzen zait zentzua. Artearen plazerak sortutako
halako gaindosi emozional bat sentitzeari deitzen zaio, eta Florentziako sindrome
edo bidaiariaren estres izenez ere ezaguna da. Artelan bikainak miresteak sor
dezakeen gozagarri mentalak ondoeza ere ekar dezake, hainbeste edertasun nola
liseritu jakin ezinik. Izan ere, estimulu askoren aitzinean musukatu, besarkatu,
jan, ukitu, edan… dezakegu, baina beste batzuen aitzinean ez. Kontzepzio
erromantikoa? Baliteke.
Etxanoko baseliza halako toki bat da. Baldorbaren maindire horiaren txoko
bakarti batean da ermita, ezkutu. Ezkil-hots gabeko eliza da, eta bestelako dei
bati egin diogu arrapostu aldi honetan. San Juan eguna aitzakia hartuz, udako solstizioaren
ospakizuna bizitzeko bilkura goxo-xume bat izan da joan den ostiralean. Eguzki
eta haize idor baino, euri eta hotz giro, baina ahaztezin.
Ermita ttiki hau altxor berezia da Orbaibarren. Elizak gutti maite duen
eraikin erromanikoa da, ikur guztiak profanoak dituen baseliza, inauteriari eta
musikari estuki lotutako sinbologiaz josia, inoiz ezagutu dudan akustikarik
ederrena du eta aldarean barna mantso pasatuz gero, halako energia batek
beso-hanketako ileak harrotzen ditu. Bizituz gero, liluragarri, zalantza gabe.
Maisuki diseinatutako pareta haiek doinu-dirdira dantzan jartzen dute,
hotsa uhin gorpuzten; harri oro babes da, kanpotik sartzen diren argi izpiak
distira pagano. Halako toki batean, estimuluak sortzen duen plazera
murtxikatzeko, Stendhalek ongi ikusiko zukeen kantatzea. Eta halaxeko aukera
izan genuen guk, Beltxaren Bikoteak. Emozio pila hura lekutzeko sen ezin
errotikoagoa bizitu genuen AstrolabioRománico elkarteari esker.
“Esazu nor zen bidetik baztertu zintuen madarikatua” dio kantak, eta agian
horregatik da berezi Etxano. Hala bedi luzaz, bere “irriño erromanikoa” sekula
ez galtzeko.
*Gure esker ona Javier Intxustari eta Esther Capelláni.