“Zauden tokian zaudela…” diote
zuretzako gutunek; “ez dakit non egonen zaren orain baina…” beste agur askok… Ez
zaude, honezkero ez zaude, Andoni. Zer zaila den agur esatea, ez zaudela
lekutzea, ez zarela egonen onartzea. Denbora behar da horretarako. Lagun aunitz
kolpatu gaitu zure joanak. Inguru askok sumatuko du biziki zure hutsa.
Kulturaren Iruñeko unibertso ttiki honek esparru askotan izan zaitu, plano
ugaritan aritu zara eta egintza anitzetan ezagutu zaitugu batzuek eta besteek. Aste
honetan egin dizugun agurrean garbi agertu da batzuk eta besteak lotu
gaituzula, maiz hain erraza ez dena.
Irribarre atsekabetuak ageri ziren, malko kartsuak, samin gazi-gozoa, izan
zarena gogoratu nahi izan baikenuen. Bildu zenuen jendetzak argazki ederra
erakutsi zuen zure bizitzaz. “Hil artio bizi, arartio ez izi” dio esaera
zaharrak, eta zuk ongi zenekien hori. Bizi izan zara; dantzan, musika jotzen,
irakasten, pilotan, ekimenean. Biziarazi duzu, orobat; erraldoien odol,
pailazoen arima, bandelari eta ospakizunen hari. Biak ala biak intentsoki,
zintzoki, gogoz, ilusioz eta erabakimenez. Ziztalari, burugogor, akuilari.
Eta hala, asteazkenean hitza, dantza eta doinua, kantua eta jan-edana batu
genituen zure omenez. Udaberriko arratsalde gozo hark eman zigun babes norbere
dolu-moduari bide emateko. Harresiaren pareta handi-sendoek indarrez gordeko
dutelakoan han aditutako beroa eta esker ona. Gauak ederki hartu arte ez zuen
jendeak alde egin nahi izan. Ederra izan zen aitortza; ederra, halako momentu
batean denok ere sentitu genuena. Minak ere ederrak izan daitezkeelako.
Nik taldean ezagutu zintudan bereziki, Ortzadarren. Zure belaunaldiko
dantzari eta musikariak ni baino aisa hobeki mintza daitezke zutaz, Ortzadar
taldea sortzeko lehen haziak zuek elkarrekin erein baitzenituzten. Honezkero
iragan aldian mintzatzeko handiegi zaigu zure izena.
Orai duzu, nonbait, partitzeko tenorea. Eta maitasun kantore eder hau menturaz
norbaitek gogoan izan du zure heriotzarekin, laguntasun kobla bihurtuta: hasperena bihotzean, eta nigarra begian, tristuratan
bizi behar dugu gure denbora guzian.
https://www.youtube.com/watch?v=TwX3z5w_VIY
Andoni Iribarreni