2012-12-08

“Jaun-andreok: zuentzat…”



“80. hamarkadan, euskararen sustapen kartsuaren harira, musika emanaldi bat antolatu zen Tuteran”, bota zuen gaiteroetako batek. Antza denez, festa eraginkorra izan nahi zuen hark. Ekimenaren antolatzaileetako bat emanaldi eskean joan omen zitzaien dultzaineroei, eta irmoki adierazi (gaztelaniaz irudika bedi hizketaldia): “Euskara suspertzeko egun garrantzitsua prestatu nahi dugu, eta hartara, saia zaitezte, arren, ahal duzuen guztia euskaraz (sic) jotzen”.

Gaiteroek haien kantu-bilduma aztertu zuten goitik behera eta arretaz aukeratu zituzten festa hartan ematekoak, euskarari eta kulturari lotutakoak-edo, bilduz. Eguna ailegatu omen zen. Artista guztiak prest, baina bat falta: Kaxiano. Ailegatu zen noizbait. Berandu, baina lasai eta patxadaz, gizona. Oholtza gainera igo, aulkian eseri, akordeoia hanken gainean jarri, mikrofonoa heldu eta...: “Gabon deizuela. Jaun-andreok, zuentzat, Amparito Roca!”.

Herri Musikaren Txokoak hamar urte bete ditu Oiartzunen. Musika Bildumen gaineko jardunaldiak eskaini ditu iragan asteburuan, eta txokoa gaurgero etxe bihurtu delarik, hemendik aitzina Soinuenea Fundazioa izanen du izen. Igandeko ekitaldiari lazo gorria jartzeko, besteak beste, Lizarrako Gaiteroen saioaz gozatu genuen bertaratuek; alegia, artea, bere zentzurik gozagarrienean. Haiena, noski, pasadizoa; haiena oharpen-amua.

Semantikaren jokoa une batez bazter utziz (gaita euskaraz jo…), kontzertuaren arduradunak bazekien zer zioen, eta musikariek, ulertu. Tuteran, behin hartan, euskal musika eman nahi izan zuten, baina Kaxianok pasodoblea eraman zuen bere ohiko doinu-zakuan. Horra.

Pasodoble hori oso famatua eta maitatua da gaztelau lurretan, nahiz eta katalan batek (1925ean) konposatua den. Baina tartean zenbait euskal herritan oso berea egin dute pieza; zeinek esan diezaieke ez dela euskaldunona (ere bai)? Ez ote da gertatu hainbeste rantxera, mazurka eta ezkotixekin?

Kaxianok han eta hemen jo zituenak, bai eta Soinuenean dauden ehunka grabaziotako kantu eta doinuak, euskal musikaren bilduma dira; bi adiera ezberdin, bi ekipaje. Jendeak beretu ditu hemengo eta pixka bat harataxeagoko sorkuntzak (akordeoilariak berak zenbat atzerriko kantu ez ote zituen euskaratu eta moldatu! Eta jendeak hartu!). Bildumak, nire ustez, ez baitezake baizik bizirik izan zentzurik. Eta bizirik izateak, nahitaez, jendearengan duen funtzionaltasuna adierazten du.

Euskal Herriko eremu guztiak ez baitira berdinak errealitate kulturalari dagokiola, naturaltasuna ere hainbeste kolorekoa da, ondorioz. Soinuenean buru-belarri ari den Beltranek ongi daki hori, eta ongi irakatsi du hori (biba zu!). Nortasunaren faboretan bizi da musika, baina baita jolasaren, gozamenaren, sormenaren eta giza-harremanen magiaren mesedetan ere, eta honela, Tuterako hitzordu hartan Kaxianok pasodoblea eman izana, ez da ez, euskaldun jatorra ez zelako, izatez ere bere/gure herriarekiko inork baino maitasun handiagoa erakutsi eta “praktikatu” baitzuen.

Nolanahi den, nik neuk Amparo baino nahiago, adibidez, Anttoni. Hortik aitzin, ate ondoan nago ni. Gogoeta zeuena.