Atentzioa eman zidan bat-batean. Zerbaitek altxarazi zidan
burua azkar batean, eta tentuz begiratu nion iragarki hari.
Estreinakoz, ezin asmatuz ari nintzen zeren mesedetan zegoen egina
spot-a. Hantxe ni, inkognita noiz argituko zain, begi zabal, detaile
guztiak presaz jasoz, dozena bat laranja beso artean eusteko egin behar
den ariketaren gisakoa eginez.
Gauza ugari hausnartzeko. Hitz potolo bat pseudo-dokumental hark. Nortasuna. Ufff! Zer demontre da hori?
Euskaldunak
ez du fast food-a maite, gutxi hitz egitearen zale da, ez ditu bi
koadrila izaten, ez eta milaka lagun ere interneten, ez zaio markatutako
bideari segitzea gustatzen, zail egiten zaio sentitzen duena
adieraztea... Horiek, llaburki, iragarkiaren mezuak; euskaldunon
nortasun markak Kelerren ustez.
Garagardoaren izaera eta nortasuna
gailendu nahi izan da (kanpainaren hitzetan) euskaldunenarekin duen
antzarekin lotuz. Litekeena da, herri honetan bertako eta ohiturazko
jana maiteago izatea beste edozeinetan baino gehiago; badaiteke, bai,
hemengo jendeak “aho-neurria” gustuko izatea hizketarako orduan; etab.,
etab. Baina batzuetan, nortasunaz ari garela, garena baino, izan nahiko
genukeena definitzeko joera dugula iruditzen zait. Eta normalean,
(adibidez kanpotarrekin) badirudi denak ere ados xamar izaten garela
gure burua aurkezteko garaian, baina gero, egiatan, ez dakit hain puruak
(hala esan badaiteke) garen gure egunerokoan.
Horrek, nahi ala
ez, identifikazio bat markatzearen beharra erakusten du, norena eta hain
justu, izatea (eta harekin batera nortasuna) berez eta legez onartzen
ez zaion herri batena. Eta esan behar dut ulertzen dudala, bete-betean,
gure nahaste hori, tartean ere administrazioaren eskuak (eta gizarte eta
kultura politikek) lan handia egiten dutelako horren kaltetan.
Norbanakoaren
zein taldearen nortasuna beharrezkoak ditugu, bere-berea du edozein
pertsonak; badaki psikologoak, badaki politologoak. Nortasunak, gainera,
lotura zuzena du baita ekonomiarekin ere, eta aipa dezagun futbola
adibide garbitzat (Espainiak bere selekzioarekin maisuki erakutsia).
Honela, nortasuna identifikazio gisa ulertu beharko genuke, eta beti
badira tokiak edo garaiak tresna hau areagotzeko beharra dutenak.
Keler,
Alemaniako Kutz anaiek sortua omen da 1890ean, Donostian, baina urteen
bueltan kanpoko enpresa handiagoek beretu dute eta antza denez, gaur
gutxi xamar du bertakotik. Iragarkia, aditzera eman denez, Euskal
Herrian bakarrik zabaldu dute, nonbait hemengotarrei omenaldia egiteko
asmoz, bai eta bere sorterriari ere.
Zentzu batean,
herria bera aintzat hartu izana esker dakieke. Iragarki txukuna da,
mailazkoa, duina. Aitzinetik egin izan dituzte beste makina bat, beti
erreferente hurbilak hautatuz (euskal futbol taldeak, euskal aktore
ezagunak, bertako paisaiak eta tokiak, musika propioa...). Baina
sakonean, betiko topikoak beste jantzi batekin ez ote ditugun aurkezten
da nire zalantza (txalaparta, pilota... Oraingoan ukitu modernoa
surfarekin emanik, hori bai). Sentsazio samin-goxoa dut. Nortasuna,
badakigu, ez da bakarrik txapela, lauburua eta irrintzia. Baina
batzuetan, bistatik galtzen dugu topikoen arriskua, izan ere... euskal
jai batez gozatzeko nahita ez jantzi behar ote ditugu abarkak?