Irati ibaia zeharkatu beharra dago helmugara
ailegatzeko. Zubi zahar eta oldarkorra da aukera bakarra, urteek sasoia gogotik
ebatsi badiote ere. Urak handi, eta pasabidea urduri, baina bertzaldeak merezi.
Zuhaixka ttikiak bidelagun direla, berehala
ageri dira eliza, jauregia, etxebizitza gutti batzuk. Erdi ezkutuan, ez dute
erraz agertzen lepoa. Errekak eta xirripak hainbertze, lehen bide zen tokian;
ura nonahi goitik beheiti, zangoak itoz etengabe; bidea oztopo arin bihurtuz.
Osina eta sasia hurbildu ahala. Sastrakak inguratzen ditu etxeak, estaltzen
etxarteak, ixten sarrerak. Misterio zirraragarri da bertzela ere bizitoki
arrunt izanen zena.
Jauregiaren ataria, larraina, oraino ere saiatzen ari da ongi etorri
elegantea egiten, baina ezindu ageri da. Jauntxoa izanen zuen honek, seguru,
paperek hala erranen dute. Inor ez orain, ordea. Izatea galdu du erret etxeak,
baina oroimen sendo da bere hezurdura hotza. Atean, iltzeak egurra utzi nahi
du, bere betiko atsedena lurrean hartzeko, nahiago, nonbait. Huntza-gabardina
berde-berdea jantzi dute harrizko dorre eta pareta hauek; hotzari aurre
egiteko, lirudike.
Antzoki huts honetan, nahi genukeen kontakizuna joka genezake, imajina
liteke. Hitzik gabeko lengoaiak pasadizoak dakarzkigu gogora, pasarteak,
irudiak, ametsak edota sentsazioak. Sormenak nahi gabe jartzen ditu pertsonaiak
eta protagonistak, elkarrizketak eta irriak, soinuak eta gertakizunak...
baina... herri honen istorioa zeinek kontatuko digu? Ez dago bertan inongo
berriren arrasto ozenik; dokumentuetan eta artxiboetan dago jada. Lastima.
Gizakiaren, alegia, gure geure presentzia bera ere arrotz egiten zaigu herri
bakartuarekiko. Nori eskatu baimen hemengo denboraren geldia puskatzeko? Ezin
inori adierazi bizitoki honi tokatu zaion patua onartu izanaren ausardiak
sortzen duen lilura.
Hiruzpalau eraikinen artean zutik, tinko,
begia zorrotz; pausu bat eta hurrena, etengabeko bira inguratzen gaituenari
so... Bakartasun honetan, ez ote da beldur herrixka hau? Nor du gauen babesle?
Nor du uholdeen salbatzaile? Elurren ohartarazle? Akaso, hurbil dituen Uli eta
Mugeta herri abandonatuen konpainia sentituko du... hori baino ez, paradoxikoa
bada ere.
Natura bere tokia berreskuratzen ari da, antzinako garai batean kendu
zioten hura berriz hartzen hasia da duela hamarkadak. Ez baitio, gainera, inork
lan hori eragozten. Leihoak ez dira, honezkero, leiho. Funtzioak eta balioak,
itzal bidean. Ailegatuko da noizbait denboraren hats samina, eta ezabatuko du
herri honen lorratza, desagerraraziko bere presentzia. Bitartean, hor izanen da
Larrangotz.