Urte batzuk geroago, eta adin gehixeagorekin, herritik hirirako aldaketan
konturatzen hasi nintzen, propio, hizkuntzen balioaz, alegia, gaztelaniaren
nagusitasunaz eta euskararen sufrimenduaz (eta areago). Hirira etortzeaz batera
hasi nintzen kontziente izaten talka horretaz; gaztelaniaren autoritatea
gogorra eta arrotza egin zitzaigun umetatik genekarren euskararen unibertsoaren
atarian. Ahaztezin zait mundua bere osotasunean euskaraz mintzo zela uste
nuenekoa; inozoa ni...
Hizkuntza-kode egoera eta ingurune berrian, beraz, eta lekutze hartan
euskararen txokoak bilatzen genituelarik, gure betiko giro euskalduneko “hola”
natural eta usadiozkoa, hiriko giro euskaldun haietan ez zen sobera egoki
gertatzen, “helikopteroa” erakusmenekoa izan ez zen bezala; “kaixo” esan
beharra zegoen. Hura ikasi egin behar izan genuen eta ohiturak alde batera
utzi. Ez ginen euskaldun eredugarri “hola” esanez.
Urteak joan, eta gaur (ildo horretatik-edo), etxetik euskaldun ez diren
gazte belaunaldien artean gero eta gehiago sentitzen ari naizen fenomenoa da.
Euskara, nonbait, hiztegi kontua baino ez da. Alegia, halako batean “tenedore”
edo “afizio” bezalakorik esaten baduzu, berehala ohartaraziko dizute erdal
hitzak erabiltzen ari zarela, arin gainera! Baina, adi; gaztelaniaren
azentuarekin eginen dizute oharra, gaztelaniaren egitura gramatikalarekin
botako dizute abisua, eta, gaztelaniaren hotsen ahoskerarekin ebatziko dute
esan beharrekoa. Hara, jator ari ez dena, zeu.
Ez da gaur-gaurko kontua. Eta hizkuntzaren
irakaskuntzan (etxetiko jabekuntza ezberdina baita), zerbait irristatzen ari
dela aspaldi ikusten hasiak gara. Komunikazio-sistema bat osatzen duten
ezaugarri eta baldintza guztiak dira berezko eta nahitaezko, aitzitik, denen
batura eta lotura da kodea kode egiten duena. Ezin da hizkuntza bestela ulertu.
Osotasun horretan bizi eta biziarazten ez bada, hiztunari ez dio balioko.
Kontua da, beste behin, input gehiena gaztelaniaz den ingurune horietan
(eta oso modu ezeztaezinean gainera), euskara, kolore gabeko kode bihurtzen ari
dela nabarmen. Hizkuntza izaera akademikoa (adierarik azalenekoenean) izatera
mugatzen ari ote den beldur naiz, eta gainera, haren gaineko herri-kontzientzia
txikiaz batera. Maleta lazgarri husten ari zaigu.
Helikopteroa euskararena ere bada, noski baietz. Gakoa osasunean datza, eta
beraz, hizkuntzaren beso guztiak sano badira, hegaldi zinez ederrak egin
daitezke komunikazio-unibertso konplexu honetan. Ez gaitezen eri!