Bilbo
hasiko da; batek daki gainerako euskal hiri-herrietara ere zabalduko duten
ideia. Pausoak musikatuko dituzte, edo. Kaleak, plazak... Zazpi piano Jo
nazazu! Zure esku nago lelopean, nahi duenarentzat (euskaraz, egia zor, anbiguo
samarra gertatzen da mezua).
Izena
eder, baina ez dakit hain eder izanen den hura laztanduko duenak sorraraziko
duen soinua. Eszenografia eta agerraldia ez baitira gauza bera. Nahiz eta,
egiazki, gutxi izanen diren pianoa laztantzeko gai; eta horren arabera, gutxi
ere oharkabeko publikoaren gozamenerako aukera errealak, nik uste.
Nazioarteko
musika lehiaketa baten aitzakiatan jarri omen dituzte musika-tresna hauek
izarpean; esperientzia Bartzelonan eta Madrilen, adibidez, probatua da aldez
aurretik. Aukera polita izan daiteke, zergatik ez, musika-eskola batera joan
behar izan gabe, edozein herritarrek maila horretako musika-gailu bat ezagutzeko,
ukitu ere ukitzeko. Baina jo, alegia, ingelesezko play... zailagoa izanen da.
Oraingoan
publizitate kanpaina dela, hurrengoan kultur ekitaldiak direla... Beste garai
batean erokeriatzat hartuko zena, gaur egun, artearen hizkuntza berriaren
sormen-jariotzat hartua da. Sentsazioa dugu, askok, zer asmatu ez dakigula
gaurgero. Dena erreklamo egin behar dugunez garai eztandazko honetan, ea zein
argiago, erakargarritasun errentagarria sortzeko.
Askok
ez du piano horiek emanen dutena aditu ahal izanen, belarrietako entzungailuak
kasik tinpanoaren pareko baititu. Beste askok ez ditu entzun nahi izanen ere,
soberan izanen zaizkio. Ikusteko dago, gainera, jotzaileak entzule behartuen
gogo-aldartearekin bat arituko diren, oso baikara sentiberak, kasu!
Presentzia
akustiko bitxi horren harira, bada, ematen du gero eta zailago zaigula inongo
musika-soinu-zaratarik gabe bizitzea, paseatzea, ibiltzea, kirola egitea, egon
egotea (ikasketa-ohiturak eta halakoak aparte). Denetarako behar dugu
soinu-banda. Soinu-inputa nahitaezko bihurtzen ari gara gure egunerokoan. Eta
norbere musika estiloaren mesedetan, isolatzea da hautatzen ari garena. Ni
nirearekin.
Zazpi
pianoen kasuan, borondateak konpartitu beharko dira, hori bai. Askotan The
Truman Show bat bilakatzen ari ote garen pentsatzen dut (balio
zinematografikoak alde batera). Hirietan bederen, eskenatokiak diseinatu
dizkigute; eskenatokiak nola erabili eta nola bizi arautu digute. Hartan joka
daitezkeenak ere prestatzen dizkigute etengabe. Zori gutxi.
Edonola
ere, piano bat edo zazpi topatuko banitu halako batean, gustuz hurbilduko
nintzateke, duda. Jakinaren gainean egonagatik ere, harrituko bainau,
seguruena.