Orain
gutxi egunkari honek berak bildu zituen euskarari historikoki egin zaizkion
erasoak, lege forman hain justu, eta merezi luke hezkuntzaren inguruko batzuk
gogoratzea. Han da 1925eko euskarazko testuliburuak erretiratu eta euskaraz
irakatsiko zuen maisu-maistrari soldata eta lanpostua kentzeko legea. Urte
batzuk lehenagokoa da (1902koa), zentzu berean, bertako hizkuntzan irakatsiko
zuten maisu-maistrei zigorrak ezartzeko agindua; Alfontso II.ak emana eta
garaiko Kontseiluko presidente zen Romanoneseko kondeak sustatua. Atzerago joz,
"Moyano Legea" bera ezarri omen zen, 1857an, zeinak agintzen baitzuen
hezkuntza bakarrik eta esklusiboki gaztelaniaz eman beharra zela. Eta honelako
hamaika dago gure historian. Halakorik ikustekoak ote gara oraindik ere? Ezerk
ez gaitu harritzen honezkero, hau zorigaitza! Lomceren sustapen-nahi berri
honek, hala, nahi edo ez dakarkio eragina euskarari, eta ez preseski ona.
Baina
garai txarrak denentzat baitira, hor da gaztelaniaren sustapenerako Cervantes
Institutua, zailtasunak dituela azkenaldian bere New Yorkeko egoitzan; eta hara
non ardoa saltzen hasi den diru-sarrerak izateko. Diru-laguntza ofizialak
murriztu eta salerosketak egin beharrean dago bere jardunari eta eginbeharrari
eutsi ahal izateko.
Behar
al du gaztelaniak sustapen gehiagorik?! Eta irakur bedi, gainera, haien
proiektuaren aurkezpenaren ironia: "Espainiera eta Espainiako hizkuntza
koofizialak suspertzeko Espainiak sortu duen erakunde publikoa da Instituto
Cervantes".
Zer
espero daiteke hondamenezko lurrikararik amaigabeena ematen ari zaigun
herrialdeaz? Gauza onik ez. Nazio-proiektua eutsiezin gertatzen zaion honetan,
azken erasoa mutur-handi zaigu, hasi eta buka.
Gauzak
honela, berriki hasi den euskararen aldeko lasterrak, bai eta herriz herri
argia piztu nahi duen ekimenak ere, inoiz baino beharrezkoago ditu euskarak;
inoiz baino beharrezkoago ditugu guk geuk. Eta zorionez, herri-ekimenaren eta
indarraren bermea luzaroan izanen dugula dirudi, beste komunitate askotan
pentsaezina dena. Ardoa saltzen aritu beharrik ez du gureak jendearen
konpromisoa eta babesa lortzeko, eta iruditzen zait hori zailki izan/izanen
dutela gure inguruko auzo-hizkuntzek. Edonola ere, topa egiterik badugu (gure
arnoarekin, hori bai) pausoz pauso eta ekinaren ekinez eraiki dugunaren alde.