Nor
den ez zait nahitaezko aipatzea; aipua bera zait interesgarria, euskaldun
batek egina den neurrian. Irudi luke halako bat aitortze hutsarekin
justifikazioa egiten dugula, nolabaiteko zuritze asmo umilegia. Ez dut uste
gure kulturak beste kulturekin konpartitzea errefusatu duenik inoiz.
Konpartitze ekintzetan batzuen eta besteen baldintzak zer nolakoak diren
jakitea da gakoa, ordea. Kontua beraz, ez da hain merkea, nire irudiko.
"Euskal
kulturak modernizatu eta gaurkotu beharra dauka, betiko eskematik ihes egin,
garai berriekin batera aitzina egin", esan izan dit maiz lagun batek,
asmatuko ez bagenu bezala baliozko egiten gure dena delakoa. Eta zer da
modernizatzea? Beste edozein hizkuntzaren musikak edo arteak egin duena?
Akordeoia oso modazkoa ez nuke esanen denik, baina hor ari da etengabe
elektrohouse musika mamitzen, adibidez (auzolagunen ohiturei begiratuz).
Beraz,... guk nahi dugun hori izan daiteke moderno, edo modazko.
Ildo
beretik, askoren ahotan bildu da fusioa dela euskal musikaren salbazioa. Akaso
bakarra, muturreko hausnarketa eginez. Fusioa, zorrotz begiratuta, ez da
existitzen bere horretan; zerbait edo zerbaitzuk fusionatzen direnean, beti
gailentzen da bat: estilo bat, asmo bat, kolore bat edo erritmo bat...
hizkuntza bat, alegia, bestearen gainetik. Hartara, kontzeptua bera labainkor
samarra ez ote den...
Euskaldunak,
kultura txikiko, musika etnikoko eta hizkuntza gutxiagotuko horrek, bere musika
konpartitzen badu kultura handiko, musika modernoko eta hizkuntza indartsuko
nonahiko batekin, emaitza, kasu gehienetan, bitxikeria da, kuriositatea. Eta
zer esanik ez, aurreiritziak bere lana egiten badu, gurea bezalako batekin, eta
batean.
Konpartitzea,
gauzak honela, berdinetik berdinera beharko litzateke. Baina hizkuntzarekin
bezala, ez baitugu osasun betea, ez baitugu eskubide betea gure
gizarte-antolakuntzan, nortasuna galtzearen beldur izatea, normala da. Are
gehiago: logikoa, naturala eta, ezin bestela. Greziarra ez da bere nortasuna
galtzearen beldur; ez espainiarra (akaso azken garaietan bai!), ez holandarra.
Nortasuna, eskubideen uzta.
Euskal
musika (fusionatua bada ere) edo musika entzun nahi dugu; idazle izan; dantzak
dantzatu, kirolak egin, pastelak jan, jantziak jantzi, etab. Euskal abizena
etengabe (aspertzeraino!) erabili behar izatea adierazgarria da. Alemanak ez
dio, ba, egiten duen guztiari deutsch gehituko; hizkuntzaren ekonomiagatik
sikiera... Honelako detaile batekin hasi eta, hamaika arrazoi historiko ditu
euskaldunak errezeloz babesteko berea. Ongi edo txarki, hori da tokatu zaiona.