Argi lauso eta min batek jantzi du agertokia. Momentua ailegatu da, denak
zain daude eta nik dut istant honi doinua emateko erregalia. Prest naiz, gogoz
naiz. Joandakoak joan ziren, hau da unea, ez beste, taularatzera datorrena zure
eta nire irudimeneko gauzarik bereziena izateko sortua da, eta ate joka da
honezkero.
Botoi zuriak brillante ageria dira, zeharkako izpiek intentzioz gailentzen
dute Borsiniaren soin hotz gozoa.
Eskatzen dit maite egiteko, eragiteko. Mazurka kuttun bat biziarazten hasi
gara, bihozbera, apal, isiltasunari baimen eskatuz lehen soinu uhinekin.
Nota sakonak dira, soilak, geldoak. Negar metaforikoa irudikatzen ari dira
bi dantzari, bi arima elkarrekin minari beilari aritzen zaizkion gisaz. Solas
fina da, pausoak harilkatzen dituen bikotea bata besteari ari zaio gorputz
xuxurlan; biak ere nirekin ari dira elkar-elean. Metro koadro bakarra behar
dute interpretariek, mugimendu ttiki eta zentzumenez beteko hatsa erakusten ari
zaizkigu.
Bi protagonistak istorioa aitzina ekartzen ari dira, begi aiduruei
helarazten ari zaizkie tramaren gordintasuna. Dantzaren lengoaiaz eta akordeen
bidezidorretatik sentimenduz beteriko maitasun kontu triste baten berri eman
nahi dute. Ikuslearen, sentitzailearen arazle gara taula gainekook, hiru baino
ez. Eskutik hartu ditugu bertaratuak, utzi baitigute, gure dira haien
zentzumenak orain.
Ikusmenaren beharrik ez da halako batean, arima-bidaiaren gorazarrea da
denen artean eskuratzera goazen sentimena. Begiak itxiz ere, abian gara, elkar
ulertu dugu.
Ordularia eten bailitzan, baina denbora inoiz baino beteago izaki. Bost
minutu eskas pasa dira, baina ez dira eskas izan; bost egiazko minutu bizitu
ditugu. Argia itzali da, soinua ezkutatu da. Isiltasunak segundo bakarra gozatu
du eta txaloaldi berrezarle bezain indargarria oparitu digute,
anonimotasunetik, gurekin batera hegaldi-lagun etorri direnek.
Hustu gara, bihotza bera jarri dugu besteren meneko, entregatu gara. Intentsitatez
eskaini dugu gure kontatzekoa, eta ikusleek intentsitatez hartu. Magia-edo.
Gogoa gorputzetik urrun, artearen erreinuan dantzan dabilkigu, beste hizkuntza
batez mintzatu gara ezin zehatzago, ezin puruago, ezin gusturago. Zorion.
Emankizunak darrai.