Gai
izan edo ez izan. Batzuk eta besteak. Zuri ala beltz. Tartean egon litekeen
edozein kolore nabar, klasifikazioan ez da biltzen. Ez du interesik. Eta horren
menpe, hainbeste ikasle. Erdi Aroko torneo baten irudikapen garaikidea izan
liteke hautaprobetako metafora bizi hori; hartan jokoan baitira etika eta
epika, egia bera eta erlijioaren tankerako zerbait. Ikasleak hil ala biziko
zereginean sumatzen dira. Nor irtengo garaile? Norgehiagoka nekagarria,
ahulgarria.
Eta
horrek zeharkako eraginak dakartza, pertsonen adimena ez besteren gaineko
balorazioa ez baita funtsezkoa gertatzen. Kalifikazio batzuek, emaitza batzuek
egiten dute bazterketa, positiboa zein negatiboa. Estresaren kudeaketa bat ez
ote den sakonean…
Neurrizko
estresa ona omen da gure produktibitaterako (adituek dixit), baina maila
altukoa bada eta denboran luze datorrena, eskola-porrota ekar dezake. Estres
emozional hori gero eta presenteago dugu. Askotan azterketa bera ez baita
arazoa, autoestimua baino. Azterketek, azken batean, urduritasun egoera batean
eman dezakeguna baloratzen dute nagusiki. Norentzat, nori, norengatik ari garen
ongi jakin gabe, azken batean gure zalantzak, beldurrak, kezkak eta izuak dira
aurrez aurre jartzen zaizkigunak, estutzen gaituztenak. Nork neurtuko gaituen
ez dakigu zehazki, baina balio behar dugula garbi adierazi zaigu. Gogoa ezohiko
muga batera eramaten dugu, zergatia ulertu gabe maiz, eta hortik amorrazioak,
frustrazioak. Nik ez dut balio
madarikatua.
Pertsona
konpetenteak baino, pertsona konpetitiboak nahi gaituzte goitik, lehia-garai
honetan (inoiz baino gehiago) bekaizkeriarik gordinenaren isla erakusten duten
agintariek ia onargarri ez diren baldintzetara toles dituzte pertsonak, jendea,
gizartea. Gero eta gehiago. Etenik ez du anbizioak eta interesak. Pertsonen
garapen eta hezkuntza helburu handia aitzakia baliatuz, langile errentagarriak
dira egiazko nahia.
Badirudi
perfekzionistak, autokritikoak eta autoexigenteak bihurtzen ari direla ikasketa
prozesuan direnak besteen mesederako dohainak (oharkabean) garatuz, eskatutakora
egokituz, hartara emanez, batik bat.
Aldeak
alde, Darwinen Espezieen jatorrian eboluzio biologikoa azaltzeko proposatutako
hautespen naturalaren teoria harira datorkigu hautaprobez gogoeta egitean:
"Honela,
egokitzapen gutxiagoko populazioak (bere ingurumenak zehazten duenaren arabera)
aukera handiagoa du hiltzeko. Beraz, hobeki egokitutako ezaugarriak dituztenek
iraunen dute bizirik probabilitate handiagoz". Hautaketa eta egokitzapena.
Hori da gakoa, izan ere, "Multiply, vary, let the strongest live and the
weakest die".