“Zergatik kantatzen duzu?” galdea egin zuen Biscaryk. Eta galderak berak
ezinegon pixka bat sortu zidan neroni. Izan ere, ez baitut ene burua imajinatzen
“zergatik hitz egiten duzu?” galdera inori eginez. Iparraldeko kantariak beste
zentzu batekin proposatu zuen, beste tesi baten harira, baina galderak, ni neu,
justifikazio baten bila eraman ninduen eta arraro sentitu nintzen. “Zergatik
ez?” etorri zitzaidan bat-batean, tinko eta irmo.
Berriki Kalakan taldeko kide honen hitzaldian izan naiz, Iruñeko Udaleko
Euskara Zerbitzuak eta Nafar Ateneoak antolaturik. Bestetik, atzo hasi zen
kantu tradizionalaren gaineko ziklo bat Iruñean, Ortzadar Euskal Folklore
Elkarteak antolaturik. Eta sarri, ondare ez materialaren esparruetako hezkuntzaren
gaineko jardunaldiak izanen ditugu, Nafarroako Ondare ez-materialaren Artxiboak
Ortzadarrekin elkarlanean prestaturik.
Hirurak ere, espazio berean koka daitezke, izan ere, Thierry Biscaryren
hitzaldia kantuaz baitzen (haren gaineko gogoeta anitza planteatuz),
kantagintza herrikoiaren kontzertu-sorta hainbat euskal eskualdetako taldeen
eskutik baita eta jardunaldietan, ondarearen alderdi didaktikoa landuko delako.
Bazter-gai da hau gaur egun, beste edozein ikergairen aldean, eta
horregatik-edo, balioetsi nahi nuke ekimenen ahalegina.
Ariketa zaharkitua da askoren oharmenean kantatzea. Tradiziozko kantutegiak
lehengo kontuak biltzen ditu, aspaldiko istorioak, zer kontatzen duten ere ez
dakigu askotan, hitza bera ulertzeko zailtasun galantak izaten dira maiz,
aspergarri eta lo-eragile gertatzen zaizkio anitzi. Aldiz, beste askorendako,
hizkuntzaren eta herriaren idiosinkrasiaren baitan ezinbertzeko dira.
Etorkizunerako, gainera, ez iraganerako. Atzetik datorren hariari jarraitzea
bezain erraza baita. Lagun gazteak estimatzen ditugun bezala, amatxi ere nahi
dugulako gure familian eta bizitzan. Bakoitzak bere balioa du. Bata modernoa,
bestea esperientziak pilatua. Bata ikaste-bidean, bestea bidea egina. Bata
bizi, bestea bizitakoa.
Honela, hamaika bataila baitugu oraindik ere su-garretan, gure artxibo
berantiar ttikia galtzen uzteko inongo asmorik ez duenik bada, izatez ere,
hainbeste gauzaren batura den zaku miragarri eta ia kasualitatezko hori kontuan
ez hartzea, senaren kontrako ariketa baiteritzogu zenbaitek.
Eta ez gara ados izanen haren kudeaketaz, ondare horrez funtzio edo
erabileraz, edota balio artistikoaz adibidez, baina ados behar genuke haren
jabekuntza eta irakaspenak euskaldunari ematen dion oinarri sendoaz. Transmisio
naturala herren datorren garaiotan, ondarean didaktikak lantzen eta garatzen
laguntzen duena azaltzen hasi gabe, hasteko aldarria honakoa begitantzen zait:
gure kantak (zaharrak edo ez hain zaharrak) kantatzearen arrazoia ez dut
esplikatu edo justifikatzeko beharrik sentitu nahi. Justifikazio hori, oro har
euskaraz egitea bera bezala ere, gutxiespen jarrera baten ondorioa dela
sentitzen baitut.