2014-11-09

Sasian txoriak

"¿De dónde vienes?" Galdetu zion maisuak berandu zetorren ikasleari. 

"Señor maestro: txoria visto, harria tirado, hanken pegado, salto eta salto, sasian entrado, bila eta bila, denbora pasado!" 

Halaxe bota omen zion eskolako atarian erdaraz moldatzen ez zen mutikoak. Goizuetako lankide batek ibili du istorio hau ahotan aste honetan, amak etxean beti kontatzen zien, nonbait. Eta gu zazpi belarriz egon gatzaizkio.

Kontakizunaren eta hitz jolasaren samurtasuna, baina, berehala lausotzen da beste begi batzuekin begiratzen badiogu. Gaztelaniaz egiten behartua zen haur baten solasa da. Aspaldiko kontua da, noski, gaur gutxi entzuten da halakorik, ederki aski planifikatua baitago gaztelaniaz zoragarri ikasteko armiarma sare sendoa. Erran bezala, kode aldaketa eskolan bortxaz sustatu zutenekoaz ari garela ondoriozta daiteke erraz.

Honek, denboran saltoa egin eta, azken asteetan Nafarroako Hezkuntza Kontseilariak botatakoen katalogoa ekarri dit gogora. Subliminalki, gugan dira haren ziztadak. Zer baino zer zentzugabeago. Batetik, hizkuntzaren zonifikazioarekin euskarak aurrerapauso handiak izan dituela esan du, eta aldi berean, hau ezabatzea eredu nazionalista inposatzea izanen litzatekeela. Bestetik, PAI ereduaren porrota makillatzen saiatu da, euskararen kontra gorpuztutakoa salbatzeko ahalegin duingabean. Lehendik ere, errealitate instituzionala ez errespetatzeagatik onargarriak ez ziren hogeitaka testuliburu erretiratzeko agindua eman zuen. Eta abar. Dena amorrazio beraren harira.

Besterik ezean azak jan behar izan baititugu aspaldian. Eta (antzina hasitako) kolonizazio linguistikoaren fakturak ordaintzen segitzen dugu, edozein dela erabaki, adierazpen, arau edo legea. Hori da auziaren iltzea. Haiena ez baita inposizioa. Haiena ez baita nazionalismoa. Ongi irakatsiak dira eta nola ez, dagokiguna eskatu eta berreskuratzen hasteak urduri jartzen du Nafarroako Gobernua. Ez darabilte koplarik, egunez egun erakusten dute.

Honela, herrikide egiten gaituen hizkuntzari oinarrizko eskubidea kendu zaion neurrian, kontuan hartu beharko genuke euskaldun guztion, euskal herritar guztion kezka behar litzatekeela hemengo edo horko edozein urraketa, orain aipatutakoak Nafarroan jazoak badira ere. Eta segituko du jazarpenak. Ze bidegabea hizkuntza hori gorroto duenak hura kudeatzeko eskumena izatea!

Gaztetxoak esan zuen txoria sasian sartu omen zela hura harrapatu nahian zebilela. Sasi gehiegi bestela ere. Eta esaerak dio: “sasi handian, xori aunitz”. Hemen txoriak baino, txoriburuak ditugu pilaka.