2014-11-22

“Alba”it urrunen

Behartuta gaude ez dagokigun berri oro entzun eta irensten, gau eta egun. Teilape honetan egoteak hori du, besteak beste. Eta aste honetan ere, ezin izan diogu ihes egin auzolagunen berri nazional historiko gogoangarriari; Albako dukesa hil da. Albako duke berria dago orain, 19.a zehazki. Historiak darrai. Eta zipriztintzen gaitu.

Notiziak, ordea, gugan beste zerbait sortzen du, tristezia baino. Izen horrek mende batzuk atzera izandako egintza erabakigarri bat gogoratzera garamatza bete-betean; herri honen zorigaiztoko patuaren itzal ilunera bueltatzen gaitu, 1512 gris batera.  

Orduko Albako duke famatua 12.000 soldaduko armadarekin sartu zen Nafarroan Fernando Katolikoak bidalita (“Faltsutzailea” deitua azken hau; horra hor, noizdanik hasi den herri hori bere jarrera naturala agertzen, azken garaietako usadioa balitz bakarrik!). Iruñean sartzekoak zirela, bada, Correa kronista espainiarrak bildu zuen gisaz (ikus J. Asiron), negoziaketa eskatzen zuten bertako ordezkariei zin egin omen zien dukeak “obeditzen ez bazuten, krudelkeria handiaz oinperatuko zituztela”. Euskal lurren askatasunaren azken hatsetan kokatzen da, beraz, abizen hori.

Orduko duke haren ondorengoak dira oraingoak. “Libreki eta nahi izan duen bezala bizitu dela” dioten emakume horrek aurrekoak lortutako garaitzak oinordetzan jaso ditu. Pilatu zaizkio. Biderkatu, hazi eta loratu. Eta merke zaizkio, oso, diru-laguntzak jasotzen baititu. Eta nahita ez, ondare, aberastasun, lur, kategoria eta titulu horiek denek nolabaiteko erantzukizun, ardura edo erru-arrasto batekin ezkontzen dituzte belaunaldi bat eta bestea. Nondik ez? Egunotan komunikabideak bistaratzen ari zaizkigun ondare material horien denen baturak hotz uzten gaitu. Ez genuke notizia horizontalki jaso beharko, oroitzapen historiko ezagun batek ohartarazten digu ez dela besterik gabeko afera. Gai hau ez da couché papera guretzat. Gaur dugunak, edo hobeki esan, ez dugunak, sorburu baitu sendi honen zuhaitz genealogikoan gorakoekin.

Baina gaur ere badu aztarnarik familia honen curriculumak. Flandrian bada legenda beltz bitxi bat; umeek jan nahi ez dutenean edo lotara joan nahi ez dutenean, hala esaten omen diete izutzeko: “Albako dukea etorriko da, kasu!”. Haien mamu, koko edo hamalau-zangoduna dela diote. Oroitzapen goxoa utziko zuen tipoak hango lurretan ere formula oraindik bizirik baldin badago. Gurean izua sor lezake berdin ere, eta antzerako pertsonaia eta sasi-pertsonaia aunitz ditugu, baina hobeki da ez baldin baditugu ahozkotasunean ere biziarazten, nahiko beldur barreiatu baitute bere garaian. Daudela leinu zaharreko Albako mamu horien kontuak albait urrunen gugandik!