2014-12-07

Mendiak bete elurrez

Hala du izena Arizkungo Francisca Irigoieni Azkuek jasotako kantak. “Mendiak bete elurrez, begitartea nigarrez, lan eginez urriki dut baina probetxurikan ez, orai hemen bizi naiz, sabeleko minez” amodio-minari egindako kanta epela.

Elurra agertu da mendialdean. Eta mendia elurrez bete denean ospatzen dugu, atseginez hartzen dugu. Elurrak halako zeremonia bat eskatzen du, eta berezi bihurtzen ditu belagai, bidezidor, kale eta etxarteak. Nolabaiteko tregoa galdegiten dio egunerokoari. Elurra handi delarik, ohiko erritmoa aldatzen da, aldarazten digu. Elurra ausaz delarik, pausa gaitezen iradokitzen digu, eta, zilegi ikusten dugu proposamena, goxo jasotzen dugu mezua.

Maite dugu elurra, elur bustia, lainoa, hotza. Usaitzen dugu gaurgero. Sarri gustuz hartuko dugu elurra mara-mara. Gilboka eta matazaka, paupaka, zapa-zapa. Ama-elurra jaso izan du hainbat kulturak bere mitologia eta sinesmenetan, Japoneko Elurretako Anderea kasu, edo literatura magikoan Grimm anaien ipuinak bestela, Frau Holle izenekoa. Sujerentzia handia da ur zuria han eta hemen.

Eta elurra etortzear dela, gure gorputza ohartzen da, jabetzen da, sumatzen du badatorrela. Nonbait, nahasten omen gaitu eta nabaritzen zaigula esan izan zaigu beti etxean, batez ere umeak ginela, harrotzen omen ginen nabarmen.

Elur urtea, urte ona dela dio erranak, uzta hobeak ahalbidetzen baititu landutako lurra heze gordez, esate baterako. Baina elurrak dena on ez dakar eta beldurrak ere sortu ditu, antzina, batik bat. Arizkunen berean jaso zuen Mariano Izetak “Elur melur, ez diegu hire beldur, badiegu etxean arto eta egur”. Gaur, bizimodu aldaketagatik, bestelako eragozpenak sor ditzake, baina beldur handirik zentzu horretan, ez. Aitzitik, ederki aski baliatu dugu jolas, kirol eta aisia ukanez, gure probetxu bihurtuz. Beste elur klase bat ez ote den hori…

“Edurra! begion poza! Leioan nago ikusten. Gogoaiak, maro antzean, gogoa dauste estalduten. (…) Edurra ari da tai gabe; naiko da, noan barrura. Su-ondoan eserita, amets zarrak barri dira”. Edurra danean izenez eman zuen poema hau Juan Anjel Etxebarria idazle bizkaitarrak 1967an. “Edurra nare jausten da; suak geldi igoten dau, bioi begira nagola gogo-pakeak artzen nau. (…) Neguko eguraldia, etxean dogun beroa!, Mendian edur zuria, gogoan amets gozoa”. 

Mendiak bete elurrez.